Herri Urratsek ez ditu bere helburuak bete eta euskaltzaleen laguntzaren premian dira Iparraldeko ikastolak

Argitaratua: 2010-05-10 13:51:47

Gaizka IROZ argazkia.

27. Herri Urrats Euskara mihian, irria begian lelopean ospatu dute atzo. Horren karietara, milaka euskaltzale bildu dira Senpereko aintziraren inguruan. Halere, aroak eta krisiak hala aginduta, aurreikuspenak ez dira bete. Emaitza eskasa ikusita, aurten Herri Urrats "ez dela egun bakar batekoa izanen" adierazi dute antolatzaileek. Janeko euskaltzaleen laguntzak beste modu batean jasotzeko bideak aztertzen ari dira Seaskako arduradunak. Iparraldeko ikastolek deialdi berezia egin zuten aurten Herri Urratsera joaiteko, Jaurlaritzatik jasotzen dituzten laguntzak anitz murriztuko diren beldur direlako. Azken bost urtetan EEPtik jasotzen duen laguntzatik at, Seaskak 1.100.000 euro jasotzen zituen Eusko Jaurlaritzatik. Akordio berria negoziatzen ari dira eta espero badute ere gauzak bideratuko direla, azken berrien arabera heldu den hiru urtetan 450.000 euro emateko nahikeria agertu du Lakuak.


Eguraldiaren gora-beherei erantzunez Seaskak egindako larrialdi deialdiari erantzun diote milaka jendek. Izan ere, aurten premia berezia zeukaten Iparraldeko ikastolek eta, egoera horri begiratuta, Herri Urratsek bere biziko garrantzia hartzen zuen. Maleruski, helburuak ez dira bete, eta janeko Senperera joateko ukan ez zuten euskaltzaleen laguntza jasotzeko beste bideak gogoetatzen ari da Seaska.

Herri Urratsen irekiera ofizialean Seaskak dituen beharrak aipatu dituzte. Frantxua Maitiak, Akitaniako kontseiluaren lehendakari-ordeak Euskararen Erakunde Publikoarentzat emanen dituzten diru-laguntzak «emendatuko direla» agindu du. Horren ondoren EEPko presidente Max Brissonek nabarmendu du "finantziazio emendatze horren parte handien"a Seaskari bideratzeko asmoa dutela.

Bestalde, Senpereko auzapeza eta Hautetsien Biltzarreko presidentea den Christine Bessonartek azken elkargo honek Seaskari laguntza ekonomikoa ematea eztabaidatzen ari dela adierazi du.

Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzatik Seaskak jasotzen duen diru-kopurua anitz murriztu daiteke heldu den urteotan. Oraino, akordio berria izenpetu gabe dago, eta negoziaketan zehar orain arte Gasteizko Gobernuko ordezkariek mahaigainean aipatu xifrak emendatzea ahalbideratuko duela espero dute Iparraldeko ikastoletako arduradunek.

Milioi bat eurotik 450.000 euroratat
Izan ere, berriak kezkagarriak badira. Euskararen Erakunde Publikoa eta Eusko Jaurlaritzaren artean sinaturiko hitzarmenari esker Iparraldeko ikastolek 220 000 euro jaso zituzten 2009an. Izan ere, hori ez da Seaskak jasotzen duen diru-laguntza bakarra. Orotara, azken bost urtetan milioi bat jaso du urtero Eusko Jaurlaritzatik Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroako ikastolen konfederazioak.

Dirudienez, Lakuako gobernuko ordezkariek heldu den hiru urtetan diru-zama horretatik heren bat baizik ez dizkietela emango Iparraldeko ikastolei ( 450.000 euro inguru ) azaldu dute. Edonola, Seaska eta Jaurlaritzaren arteko negoziaketak martxan dira eta, ondorioz, ezer ez dago erabakita.

Falloux legea da oztopo nagusia
Falloux legea oztopo handia bilakatu da Seaskarentzat. 1850ean onartutako arauak preseski debekatzen die udalerriei "hezkuntza arloko erakunde pribatuei dirua ematea" . Horrek zailtasun nabarmenan sortzen dizkio Seaskari, urtero urtero ikastola berriak zabaltzearen aldeko parioa egiten duela. Berez, heldu den ikasturterako, bi ikastola berri sortuko dira Lekornen eta Itsasun. Horien aldeko dirua biltzea zen aurtengo Herri Urratseko arduradunek finkatutako heburuetatik bat.

Nolabait, Gasteizetik jasotzen zuten diru-laguntzekin Seaskako arduradunek bere helburuak bete dituzte. Hemendik aitzin, bistan da, herritarren engaiamendua orandik ere garrantzia gehiago hartuko duela.

Iparraldeko ikastolak laguntzeko Seaskak Hego Euskal Herriko bi kontu korrente hauek eskeintzen ditu:
  • Kutxa: 2101 0045970003310786
  • Euskadiko Kutxa-Caja Laboral: 3035 0059820590731197


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi