Hezkuntza Ikuskaritzaren arabera egonkortasuna da nagusi aurtengo sartzean
Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko ikastetxe gehienetan ikasturte hasiera izan da gaurkoa. Baionako Areetako eskolan antolaturiko sartze ekitaldian, Hezkuntza Nazionaleko Ikuskaritzako ordezkaria izan da. Aurtengoa azken urteotako sartzerik lasaienetarikoa izan dela azpimarratu du bertan. Izan ere, Barkoxeko eskola okupatu dute burasoek, aldi berean Izpurako eskolan kexu dira baitaere. Hortaz gain, erakasleen formazio berriaren inguruko protesta ekimenak antolatu dituzte. Hiriburuko Aturri kolegioan segurtasuna ziurtatzeko langileen eskasia salatu dute. Urruņan eta Hendaian ikastolak handitzearen beharrean dira.
Frantses erakasle postu erdia falta zaielako eskola okupatu dute burasoek gaur Barkoxen, eta Garazi-Izpuran ere protesta antolatzeko bidean dira burasoak eskolan dauden gabeziak agerian uzteko.
Hiriburuko Aturri kolegioan protesta ekimenak egin dira langileen eskasia salatzeko. FCPE burasoen elkarteak egin du deialdia. Bereziki segurtasunaz arduratzen diren pertsonen eskasia da nabarmena, izan ere joan den urtetik ikaleen kopuruak %32 egin badu gora efektiboak ez dira handitu. Herriko auzapez Alain Iriartek gutuna igorri dio Akademiako Errektorari arazoa konpondu dezan eskatzeko.
Urruņan eta Hendaiako ikastoletan, egun batzu lehenago abiatu da ikasturtea. Bi zentro horietan pario handia dute aurten burasoek. Urruņan 92 iaksle izan dira sartze honetan ( 12 umeekin abiatu zen ikastola hori ) eta ikastola haditzeko lanak aurreikusiak dira. Herriko Etxearekin harremanetan sartu dira ikastolako arduradunek, herri erakundeak lanak ordaintzen lagunduko duelakoan.
Hendaian ikastola berria egiteko egitasmoa mahaigainean ezarri dute burasoek, azken kurtso bukaeran elgarretaratzea egin zuten Herriko Etxearen aitzinean eskola berria egiteko engaiamendua eske. ( Irakur "Har Hitza" sailean Hendaiako Gure Ikastolak plazaraturiko idatzia )
Bi ikastola berri zabaldu dira aurten. Lehena Lekornen eta bigarrena Itsasun -ikastolaren egitasmoa iazkoa bada, atzo sartu dira haurrak eraikina berrian-.
Bestalde, Baionan, Areetako eskola multzoan egin dute ikasturtearen sartze ekitaldi ofiziala, Jean Grenet auzapeza bertan zelarik. Egonkortasuna nagusitzen dela sartze honetan nabarmendu du bertan Ikuskaritzako ordezkariak. Iazko matrikulazio xifrak bere baitan mantenduko direla aurten ere azaldu dute.
Orotara 4 183 haur ziren Baionako eskoletan. Horietarik 2 585 frantses hezkuntzako ama eskola eta lehen hezkuntzan, eta beste 1 596 ikasle eskola pribatuetan ( multzo horretan sartzen ditu Baionako Herriko Etxeak hiriko 2 ikastola ).
1995az geroztik entzumen arazoak dituzten haurrak hartze dituzte Areetako eskolan. Aurten 8 izanen dira. Keinu mintzaira ikasten dute ez beraiek soilik baizik eta, borondatez, hautu hori eginen dute haur orok. Integrazio bidean urrats handia dela nabarmendu du elkarteko ordezkari batek.
Elbarritasun bat duten haurren integratzeko lan egiten duen Handik kolektiboak 34 haur laguntzailerik gabe hasi dutela ikasturtea salatu du.
Irakasle berrien praktikarik gabeko formakuntza
Irakasleen formazio berriak kezkak sortu ditu. Orain arte Bac+3-ko ikasketak egin behar zituzten irakasleek orain Bac +5 izanen badituzte ere inolako formazio praktikorik gabe ailegatuko dira irakaskuntza zentroetara. UFMaren bitartez eskeintzen den ikasturte praktikoa desagertu egin da irakasleen formazioetatik. Horren ordez astean behin formazio teoriko bat jasoko dute kolegio eta lizeotako irakasleek.
Eskoletan stagier delakoek ( bekario antzeko postua ) praktikadun irakasle baten jarraipena izanen badute ere kolegio eta lizeoetako irakasle berriei eskeiniko zaien laguntza oso txikia izanen da. Bigarren mailako hezkuntzako irakasle berriaren arduradunak tarteka kurtsoak ikustera joaten ahalko da eta bestalde estagierak bere jarraitzalearen lana ezagutzeko parada izanen du, baina inolako beharrik gabe.
Irakasle berri horiek estagierak bezala kontsideratuak izanen dira, baina aldi berean irakasle formatu batek eskeintzen dituen 15 eta 18 ordutako ikastaroak ziurtatu beharko ditu. Ipar Euskal Herriko lizeo eta kolegioetan 21 estagiera izanen dira sartze honetan.
Sistema berri hau irakasle zein ikasleen kalterako izanen dela salatu dute sindikatuek. Izan ere inolako formaziorik ez duten irasleek egoera zailak bizi beharko dituzte ikasleen aurrean, eta aldi berean ikasgaiak azken hauengana ailegarazten jakinen duten ezin da ziurtatu.
Hiriburuko Aturri kolegioko ikasleen gurasoen FCPE elkarteak zentroko irakasleekin batera protesta ekimena antolatu du gaurko. Arazoak anitzak dira: efektibo gutxiegi, ikasgela beteegiak..., baina irakasleen formakuntzari loturik, aurten bertan kurtsoak ematen hasiko den estagieraren arduraduna BABko beste zentro batean dagoela ere salatu nahi dute. Irakasle berriei egiten zaien jarraipen pedagogikoa txikia izateaz gain jarraipena egiteaz arduratu behar den formatzailea beste hiri batean izanik laguntza eskeintzea ezinezkoa dela nabarmendu dute.
Irakasleen formakuntza praktikoaren desagerpena salatzeko FNSA sindikatuak greba deialdia egin du astelehenerako, irailaren 6rako hain zuzen ere.







