Hizkuntz guttituen karietara Baionan izandako kolokioaren ostean «oraindik ere nabarmenago dela» mobilizazioaren beharra adierazi dute
Heldu den urriaren 24an Baionan izanen den Deiadar manifestazioaren antolatzaileek hizkuntz guttituen garapena bermatuko duen legearen beharra azpimarratu dute arratsalde honetan Baionan burutu duten agerraldian. Joan den astean hizkuntz guttituen karietara egindako kolokioan entzundakoak aitzat harturik, baina bereziki, Frantziako gobernu ordezkariek agertzen duten «isiltasun mingotsa» aitzinean jendea mobilizatzea «inoiz baino inportantago dela» berretsi dute.
Maite UBIRIA / BAIONA
Urriaren 24an Baionan izanen den manifestazioa indartzeko, aste honetatik goiti tokiko bilkurak eginen dituzte Deiadar mobilizazioaren bultzatzaileek. Hartara, bihar, buruilaren 30ean, hiru bilera aurreikusiak dira. Mauleko zerbitzugunean, 20.30etan ezarri dute hitzordua. Hazparneko ikastolan tenore berdinean eginen dute bilkura eta Hendaian autoport gelan arratseko 19.00etatik goiti bilduko dira euskaltzaleak.
Asteazkenean, bestalde, Donapaleulo ikastolan (20.30etan), Angeluko Denen Etxean (20.00etan) eta Senpereko Herriko Etxearen gibeleko gelan (20.30etan ) izanen dira Deidar manifestazioaren sustatzaileek deituriko bilerak. Urriaren 1ean, ostegunarekin, hauxe dira proposaturiko hitzorduak: Garazin (20.30etan EHLGren bulegoan); Donibane Lohizunen (20.30etan, ikastolan) eta Kanbon (20.30etan ikastolan ).
Mixel Oronosek egin du gaurko agerraldiaren aurkezpena eta bere ondoan zituen Sebastien Castet (Euskal Konfederazioa ) eta Paul Bilbaok (Behatokia) hartu dute hitza, alde batetik, joan den astean Baionako unibersitatean izandako kolokioaren bilana egiteko, eta bestetik, Estatu frantziarrean hizkuntz guttituen estatus juridikoa lortzeko bidean «jendearen mobilizazioa baitezpadakoa dela» aldarrikatzeko.
Unibertsitatean izandako kolokioan parte hartu duten aditu gehienek Sarkozyren gobernuak bultzaturiko konstituzio aldaketak «indefinizioa sortzen duela» agerian utzi zutela azaldu du Bilbaok. Aldaketa horren ondorioz, Frantziako Konstituzioaren, 75-1 artikuluan, eskualdeko hizkuntzak "Frantziako ondare" direla jasotzen du.
Bilbaok laburbildu duenez, unibertsitatean bildutako adituek aldaketa horren onurak zalantzan jarri eta hizkuntz guttituen sustapena bermatzeko «ezinbestekoa jotzen duten» lege baten beharra aldarrikatu dute.
Sebastien Castets-ek, bere aldetik, Frantziako Gobernuak azaldu duen jarrera aitzinean euskaltzaleen kexa agertu du. Kultura ministaritzako estatu idazkaria, Xavier Niorth, ez da, azkenik, Baionako bilerara etorri, ez du bera ordezkatzeko nehor bidali eta kolokioan parte hartzen zutenei telefonoaren bidez bidalitako mezuan Frantziako Gobernuak iragarri zuen lege berriaren karietrara inolako xehetasunik ez du eman.
Alta, ARFko ordezkari batek emandako informazioari esker, «iduriz legea ez dutela, zin egin bezala, aurten onartuko» jakin ahal izan dute azaldu du Euskal Konfederazioaren ordezkariak. Ildo beretik, Jakes Bortairuk, «mespretxu» hitza erabili du frantziar ordezkariak agertu duen jarrera definitzeko. «Guziz onartezina da mezu horretan Niorthek legeari buruz ezin duela deus erran adieraztea», azaldu du Bortairuk.
Hala eta guziz ere, unibertsitateko mintegian «urte luzez euskaltzaleek egin duten aldarrikapena, hau da arlo guzietan isla izanen duen hizkuntz politika behar dela, espektru ezberdinetako ordezkariek onartu izanagatik» bere poztasuna agertu du Bortairuk.
Deidar manifestazio deialdiak jaso dituen hainbat sostengu aipatu dituzte gaurko prentsaurrekoan.
Besteak bete, Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) lehendakaria eta UMPko mandataria, Max Brissonek, mobilizapenean parte hartuko duela iragarri du. Bestalde, joan den asteburuan burutu duen batzarrean Hautetsien Kontseiluak euskal kulturaren sustapenerako sindikatuak buktzaturiko mozionea onartu du. Dagoeneko 20 bar herriko etxek bat egin dute euskararen aldeko manifestu horrekin.
Izan ere, Deidar manifestazioaren sostenguak areagotzeko elkarteen artean banandua izanen den agiria prestatzen dute antolatzaileek. Baionako Kalostrapen eginiko agerraldiaren amaieran Mixel Oronosek azpimarratu bezala, «sinez inportanta baita herritarrak mobilizatzea».
(Irakurri ere: "Frantziako lurralde eta eskualde hizkuntzen aldeko legezko estatutua" galdegiten besteak beste Euskal Konfederazioak izenpeturiko agiria )





