Hizkuntz guttituak babesteko nahikeriari oztopoa ezarri dio, berriz ere, Frantziako gobernamenduak
Frantziako Gobernamenduak hizkuntz guttituen aldeko legea egiteko hitza eman zuen 2009an, iaz egitasmo horretan atzera eginez. Iragan abenduan deputatuek gobernuaren legeak baino baliogarritasun apalagoa duen lege proposamena aurkeztu zuten Frantziako Legebiltzarrean. Astearte honetan, ordea, proiektu horri harresia ezarri dio Luc Chatel Hezkuntza ministroak Frantziako Konstituzioak "gutxiengo bati eskubide bereziak aitortzea" debekatzen duela erranez. ( Eztabaida bideoan ikusteko hemen klikatu ) Hizkuntza eskubideen behatokiak Frantziako konstituzioa hizkuntz guttituen aurkakoa dela salatu du.
Iragan abendoaren 20an Jean-Pierre Decool eta Marc Le Fur deputatuek (azken hau Frantziako Legebiltzarreko lehendakari ordea da, hots UMP alderdikoa ) "hizkuntz guttituak babesteko eta garatzeko lege proposamena" erregistratu zuten Frantziako Legebiltzarrean.
Beraiekin batera bertze 60 bat deputatuk, talde ezberdinetakoak, bat egin zuten hizkuntz guttituen aldeko neurri ezberdinak hartzeko proposatzen zuen egitasmo horrekin ( hona hemen lege proposamena ).
Proposamenaren sinatzaileen artean Daniel Poulou eta Jean Grenet, UMPko euskal deputatuak agertzen dira, baita Jean Lassalle, Euskal Herriko eta Biarnoko herritarrak biltzen dituen laugarren hauteskunde barrutiaren deputatu zentrista.
Astearte honetan, Asanblea Nazionalean, frantziar Legebiltzarreko Hizkuntza Guttituen Ikerketa Batzordeko burua den Jung deputatuak hizkuntz guttituak babesteko beharra defendatu du. Hala aurreikusia ez bazen ere, Chatel Hezkuntza ministroa berak hartu du mikrofonoa, Gobernuak beharrik ez duela ikusten hizkuntz guttituen aldeko urrats berri bat emateko argiki adierazteko.
Frantzia bakarra eta banandu ezina dela aldarrikatu du ministroak, baita berdintasun irizpidea goraipatu duela ere, hau guztia hizkuntz guttituen hiztunen eskubideen defentsari muzin egiteko.
Gobernuaren ordezkariaren arabera, dagoeneko Frantziako gobernamenduak "era egokian babesten ditu eskualdeko hizkuntzetaz eginiko kultur adierazpenak". Gaineratu duenez, Konstituzioak frantziar errepublikaren "ondare gisa" aldarrikatzen ditu hizkuntz guttituak eta, ondorioz, ez da beharrezkoa mintzaira horiek lege baten bidez sostengatzea. Jung deputatuak penaturik hartu du ministroaren adierazpena.
Komentarioak
Irune
2011-02-02
"Sasi guztien gainetik, Euskaldun eta Burujabe!"
Otsailaren 12an denok Donostiara!!!


- 


