Iaz Beskoitzeko etxeak animatu ondoren, aurten Heletan ospatuko dute Santa Ageda, otsailak 4an ibiakoitzez

Argitaratua: 2012-02-01 00:10:14

Santa Ageda Euskal Herrian erroturik den pesta bat da, bertsua eta musikaren inguruan iragaiten dena. Kantari eta musikari talde bat, bertsolari batzuen laguntzarekin, etxez etxe ibiltzen da eskeka kobla bereziak kantatuz. Ekimen hau bereziki Hego Euskal Herrian ezaguna bada ere, Hazparne aldeko lagun talde batek ere, duela zonbeit urte, Santa Ageda ospatzeko iniziatiba hartu zuen, bide beraz, euskal preso politikoei sustengua eskainiz. Iaz Beskoitzeko etxeak animatu ondoren, aurtengo -bederatzigarren edizioa kari-  Heletan eginen da otsailaren 4an ibiakoitzez. Edonor egunera parte hartzera gonbidaturik da. Azken errepika otsailaren 2an eginen da Hazparneko Xuriatea ostatuan 20:30tan.

Santa Agedaren pesta kristautasunak indarra duen edo ukan zuen toki ainitzen ospatzen da otsailaren 5an edo bezperan. Ageda Siziliako Catania herrian sortu zen III. mendean, Erromatar inperioaren garaian. Idatziek diotenez, neska gazteaz maitemindurik zen Quinciano gobernadoreak emaztetzat hartu nahi omen zuen. Agedak errefusatu zuenez, buruzagiak atxilotu ondoren, presondegian bukatu zuen bizia.

Euskal Herrian oihartzun handia du Santa Agedak. Suteen kontrako babesaren edo emazteen bularretako gaitzen sendatzearen sinbolo denez, haren izenean eraiki diren kapelak ez dira eskas. Santa Agedaren kantatzeko helburuetariko bat etxez etxez bildutako sariaren biltzea zen. Martiriaren bizipenak kondatzeaz gain, etxe bakoitzaren jendeen araberazko bertsu bat kantatzen da sariaren hobetzeko xede.

Hazparne, Aiherra, Lekorne, Lekuine, Izturitze eta Beskoitzen ibili ondoan, aurten ospakizuna Heletan eginen da. Ekimena beti Hazparnetik hasten da, lehen itzulia hirian egiten da euskal presoei omenaldi batekin bukatuz Heletako plazan. Edonor egunera parte hartzera gonbidaturik da, errepikak urtarrilaren 27an eta otsailaren 2an egiten dira Hazparneko Xuriatea ostatuan 20:30tan.

Horra Santa Ageda heletarraren egitaraua:

  • 11:00tan, Santa Ageda kantuz Hazparneko plazan.
  • 12:00, Santa Ageda kantuz Heletako plazan. Euskal preso politikoei omenaldia plazan, eta aperitifa. Bazkaria plaza inguruan, bakotxak ekarri janariarekin. Edariak antolaketaren gain dira.
  • Arratsaldez, herriko zonbait etxeren itzulia kantuz.
  • 18:00tan, berritz ere Santa Ageda kantuz Heletako plazan.
( Boiseko eta Madrilgo euskaldunak Santa Ageda Eguneko koplak kantatzera aterako dira ateburuan )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi