Ikas-Bik irakaskuntza elebidunaren motorea berpiztu nahi du

Argitaratua: 2012-01-24 15:48:50

Gaizka IROZ argazkia.

Eskola publikoetako ikasle elebidunen burasoen elkarteak prentsaurreko bat antolatu du Baionan Hezkunde Nazionalak eta Euskararen Erakunde Publikoak ( EEP ) irakaskuntza elebidunaren garapena blokeatzen dutela salatzeko. Ikas-Bik zalantzan ezarri ditu "irakaskuntzaren sareen arteko desberdintasuna indartzen dituzten EEPren hautu estrategikoak".

Mattin PETRISSANS l BAIONA
Hezkunde Nazionalaren eta EEPren blokeatzearen esplikatzeko elkarteko Thierry Delobel lehendakariak erakasle elebidunen eskasia azpimarratu du gogoratuz iazko irailan Ikas-Bik horreri buruz plazaratu zuen kexua eta zehaztuz "2011ko sartzean inspekzio akademikoak Bankako adar elebiduna beizik ideki zuela BABen ( Baiona Angelu Biarritz ) baziren beste bost eskaerak abortatu zituelarik". "Erakunde publikoen posizioen gogortze argi bat senditzen dela" ohartarazi du ere.

Ikas-Bik zalantzan ezartzen ditu "irakaskuntzaren sareen arteko desberdintasuna indartzen dituzten EEPren hautu estrategikoak" gaineratuz "bere funtzionamenduak argitasun eskasa duela". Delobelen idurikotz "irakaskuntza publikoa euskararen transmisioaren adar nagusia izan behar da lehen mailako ikasleen 10etatik 7 bere baitan baitira. Pentsatzen du "EEPk funtzionamendu geroz eta gehiago teknokratikoa duela eta bere eginbeharra ez duela betetzen".

Ikas-Bi elkarteak "erakasle taldeak, ikasleen burasoak eta bistan dena ikasleak dispositiboaren bihotzean" ezarri nahi ditu. helburu hunen betetzeko urte bat eta erdi emaiten dio haren buruari eta horretarako indarrak emendatuko ditu. Adibidez elkartearen lehendakari orde ohia den Manex Esteban proiektuaren kudeatzaile izanen da.

"Adibidez, oinarrietara berritz itzuliko gira, hots, erakasleetaz hurbilduko gira, eskatuko diegu zeren egiteko gogoa duten edo zeren beharra duten. Baita ere, kementsu liteke, Seaskaren bezala, Hezkunde Nazionalarekin zuzenean negoziaketetan aritzea" azaldu du Estebanek.

Irakaskuntza elebiduna eskola publikoetan indartu
Orokorki, haren helburuaren betetzeko, burasoen elkarteak lau ardatz nagusi ditu. Burasoen taldeen osaketa sektoreka, klase elebidun berrien idekitzea, ama eskolan "murgiltze sistema" elebiduna garatzea, eta lehen eta bigarren mailaren arteko jarraipenaren segurtatzea.

Delobelek ohartarazi duenez "irakaskuntza elebidunaren garapena, kalitatearen defentsa edo mantentzea eta haren jarraipena, burasoen engainamendu historikoari esker egin da eta ondorioz, beharrezkoa da buraso berrien sareen sortzea, lurralde ahuletan bereziki".

Adar elebidun berrien zabaltzeari dagokionez, idekitze proiektuak pizu demografiko haundia edo eskaintza eskasa duten sektoreetan egin beharko direla iragarri du Ikas-Bik. Hiru sektore nagusi sailkatu ditu: irakaskuntza elebinuna duten ikasleen numbrea emendatzen den mendi eta mendi zolako eremua ( Mauletik Donibane Lohizunera Baigorritik pasatuz ), garapen ahula duen hiritar sektorea ( BAB ) eta garapen ahula edo hutsa duen landa eremua ( Donapaleu, Atarratze, Bidaxune ).

Baita ere, ama eskoletako "murgiltze sistema elebidunaren garapenean" engainatzeko anbizioa dute. Gaur egun Donibane Garazi eta Azkaingo ama eskolek beizik "euskarazko ordutegi indartuaren" sistema ( %75a euskaraz eta %25a frantsesez ) proposatzen dute. Hortaz gain Miarritzeko Alsace ikastetxeko ama eskolak, 2012-2013 sartzerako murgiltze sistema elebidunaren proposatzeko asmoa du. Sistema hunetan kurtsoak euskaraz egiten dira baina klaseetatik kanpoko  jarduera guziak erdaraz ( aire hartzeak, kirola... ) pasatzen dira.

Azken ardatza, lehen eta bigarren mailaren arteko jarraipenaren segurtatzea da. Ama eskola eta CParen ( edo lehen urtea ) irakaskuntza elebidunaren jarraipena %90ean segurtatua bada ere, Ikas-Bik aitortzen du CM2 eta kolegioko seigarrenaren artean ez dela hala. Angeluko Endarra, Hiriburuko Aturri, Mauleko Argia edo Garaziko Citadelle kolegioetan adibidez sare elebiduna azkartu behar dela dio elkarteak.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi