Ilegalizazio garaian EHAk jasoko dituen botoek "balio bikoitza" izanen dutela azaldu du Etxeberriak
Larunbat goizean Baionako « Bourse du travail » egoitzan EHAren zerrenda osoa aurkeztua izan da. Orotara 20 herritarrek osatzen dute zerenda. Berarekin hautagaitza partekatzeagatik arro dela azaldu du ekitaldi hastapenean Ixabel Etxeberria zerrendaburuak. 70 bat lagun izan dira aurkezpen ekitaldian. Besteak beste, Tasio Erkizia eta Xhanti Kiroga ordezkari abertzaleak Baionara hurbildu dira EHAri haien sustengua emaiteko. Ilegalizazio garaian EHAri emanen zaio boz bakotxak "balio bikoitza duela" erran du Etxeberriak.
Ekhi Erramundegiren bertso batek eman dio hasiera EHAk goiz huntan Baionan burutu duen aurkezpen ekitaldiari. Ondoren Ixabel Etxeberriak hautagaitzaren zerrendaburuak hartu du hitza. Lehenik eta behin, « burujabe izan nahi duen herri baten borondatea ordezkatzen duen hautagaitzaren partaide izatetik arro sentitzen» dela aitortu du hautetsi urrunarrak.
Etxeberriak azaldu duenez, « tenorea da Europak Euskal Herria nazio gisa onartu dezan, beste herriak bezala baitgara, ez gehiago baina ez da guttiagorik ere ». Abertzale eta erkertiar orok, norbera bere esparruan, «herri gisa dagokigunaren » defentsa egitera gomitatu du EHAren buruak.
Euskal Herri osoan, eta bereziki Hego Eukal Herrian, behin eta berriro gertatzen diren eskubideen murrizketak eta ilegalizazioak aipagai izan ditu ondoren idazle lapurtarrak. Ekainaren 7an EHAri emanen zaio boz bakotxa « balore bikoitza » duela azaldu du.
« Une batean non abertzale askok ezin dute bere burua hautagai gisa aurkeztu ez da bere hautagaitzari boz eman, EHAk jasoko dituen bozek balio bikoitza dute ». Zehaztu duenez, alde batetik, « boz horiek gure kemena erakusteko balio dute » eta bestetik «bozka ematea debekatuta duten herritarren aldeko omenaldi gisa hartuak izan behar dira gure boz horiek ».
Independentistek errespetua merezi dutela aldarrikatu du, eta hauteskunde garai batean « ez da kasualitatea atxiloketak gertatzea aukera politiko bat kriminalizatzeko nahian » adierazi du Etxeberriak. Gaurko ekitaldiaren aurkezle izan den Stéphane Etxegarai « Etxe » kazetaria, hain zuzen, atxilotua izan da aste honetan, eta 24 ordu komisaldegian atxiki ondoren libre eta kargurik gabe utzi du Frantziako Poliziak Eiherelarreko laguna.
Ondotik, banan banan, zerrendakide guziak deitu ditu Etxeberriak. Orotarat 20 herritarrek osatzen dute hautagaitza ezkertiar eta abertzalea. Jendeak txalo artean hartu ditu zerrendakideen aurkezpena.
Bigarren hitz hartzea Maite Goienetxek eta Patxi Bidartek burutu dute, EHAren programa politikoa azaldu dutelarik. Eta bukatzeko zerrendaren sustengu taldearen izenean (dagoeneko 700 herritar inguruk bat egin du sentsibilitate ezberdineko abertzaleak biltzen dituen hautagaitza honekin) Jone Trement ziburutarra eta Pierre Nouqueret baionarra mintzatu dira.
(Xehetasun guziak: bozkaabertzale.eu blogean)
(Irakur ere: Europara eraman nahi du EHAk ezker abertzalearen boza)
Komentarioak
Euskal Herria
2009-05-17
Biba zuek ! Garai ilun hauetan iparraldean kemena eta elkartasuna badela erakusteko garaia da. LABk prud'hommetan atera zituen emaitza bikainen pareko lortuko dituzuela ez dut dudarik. Segi beti aintzina. Gora gu ta gutarrak !


- 


