Paueko auzitegiak Ion Telleriaren aurkako euroagindu eskaerari men egin dio
Ion Telleria gaztearen kontra espainiar Auzitegi Nazionalak igorritako euroaginduari buruz bere erabakia jakinarazi du Paueko auzitegiak. Kazeta.infok jakin duenez, auzitegiak onartu du Info7ko esataria espainiar justizaren esku uztea. Erabakiaren aurkako helegitea ezartzea deliberatu du Telleriak erabakia ezagutu eta biharramunean.
Joan den astean hitza hartu zuen Telleriak jujearen aitzinean «lege injustoak» ez aplikatzea eskatzeko eta gazteek pairatzen duten jazarpena salatzeko.
Idiazabalgo gazteak azaldu zuenez, «azken bi urtetan 200 bat gazte espetxeratuak, torturatuak eta kartzelaratuak izan dira» ideia politikoak soilik defendatzeagatik. Horregatik, «lege injustoak» ez aplikatzea galdegin zion jujeari. Prokuradorea, ordea, euroagindua onartzearen alde azaldu zen. Kazeta.infok jakin ahal izan duenez, auzitegiak onartu egin du euroagindua.
Auzia salatzeko eta oro har «frantziar estatuak gazte independentiston aurka abiatu duen jazarpena onartezina dela» adierazteko elgarretaratzea egin zuen joan den astean Segi mugimenduak Baionan. 30 bat jende bildu zen espainiar Kontsulatuaren aitzinean. Idiazabalen 40 lagun bildu ziren beste protesta batean. Info7 irratiko esatari gaztearen aldeko elkartasun ekimen anitz izan dira. Ikus hemen http://www.zirikairratia.tk webgunetik igorri diguten argazkia.
Segi mugimenduak zabaldu agirian azaldu zuenez «gazteak atxilotu, fitxatu eta galdeketak egitea eguneroko ogi bihurtzen ari dira. Halaber, Espainiar estatuarekin elkarlanean, propagandan oinarritutako atxiloketak burutu dituzte azkenaldian. Segi gazte erakundearen eta oro har independentziaren alde lanean dihardugun gazteon kriminalizazioa da bilatu nahi dutena, proiektu politiko oso bat erasotzea funtsean».
«Aste batetik bestera, behin eta berriz errepikatu dira euro-agindu eskaerak aztertzeko epaiketak. Egoera honen aitzinean gazteak ezin gira geldirik egon» gaineratu du gazte mugimenduak.
( Irakurri ere: Ion Telleria: «Erasoak neutralizatzeko dugun gaitasunaz ez gara jabetzen» (Gara kazeta)





