Ipar Euskal Herria eta Gipuzkoako enpresa kudeatzaileen arteko topaketa Baionan, Bihartean ganberaren babespean
Gipuzkoa eta Baionako ganberek Bihartean egitasmoa sortu zuten iaz. Helburu nagusia, Ipar Euskal Herria eta Gipuzkoako jarduera ekonomikoen artean osagarritasunak sekatzea. Aste honetan, Baionako Merkatal eta Industria ganberako arduradunek haien egitasmoak garatzeko burubelarri lanean diren enpresa kudeatzaileen arteko jardunaldia antolatu dute. Ehun bat lagun bildu dira geroari mugarik gabe begiratzeko.
Berrogoi bat mahai eta gela erdian enpresa ezberdinen etiketak. Gehienetan egitasmo eramaleak gazteak dira, batzuk badge edo pin batekin aurkezten dute enpresaren izena, begiradak gurutzatzen dira maiz, sektore bereko mintzakideen sekatu nahian.
Mahainek izenak badituzte. Maramara taldea, itzulpengintzan jarduten duen enpresa berri baten izena da. Bitanta, diseinuan murgiltzen den beste egitasmoaren marka da. Astearte goizean, enpresa gazte horien arduradunak, beste ainitz bezala, Baionara hurbildu dira, Gipuzkoatik etorritako 50 bat inbestitzaileekin esperientziak eta proiektuak elkar trukatzeko. Guztiek badute nahikeri bat: ondoko lurraldean laguntzaileak sekatzea merkatu berriak errexago zabaltzeko.
Mugarik gabeko inbestitzaileen arteko topaketen lehen edizioa Donostian antolatu zen eta iragan ekainean sorturiko Bihartean, mugaz gaindiko ganberaren eskutik bigarren jardunaldia Baionan egin dute. Orotara bi lurraldeetako 100 bat enpresa mobilizatu dira elkar ezagutzan sakonduz harreman profesional eraginkorrak sortzeko gogoz.
Sektore ainitzetako eragileak elkartu dira. Eraikuntza, industria, zerbitzuak... Antolatzaileen asmoa laburbiltzen digu Olga Irastorzak: aurrerantzean arloz-arloko topaketak egin nahi dituzte.
Mahaiaren inguruan
Jardunaldiak bi mementu azkar izan ditu. Hastapenean, Ipar Euskal Herriko enpresetako ordezkariek haien mahainetan hartu dituzte Gipuzkoatik etorritako eragileak. Ondoren, paperak inbertitu dira, eta solasaldia lasaiki segitu dute bufet bat jastatzen zuten bitartean.
Kanbon plantatua den Bousier Sogreg izeneko injeniaritza arloko enpresa baten ordezkaria den Gomez bigarren aldiz etorri da topaketa hauetara. Gipuzkoako enpresariekin hartu-harremanak bereziki interesgarriak direla dio. "Ekoizteko prezioak oso interesgarriak dituzte eta abantaila horiek baliatzen ditugu horniketa han bermatzen gure enpresa hemen atxikitzeko", laburbiltzen du.
( Linkak: Baionako Merkatal eta Industri Ganberaren web-orrialdea / Gipuzkoako Ganbera )





