Ipar Euskal Herriko egituratze politikoari buruzko proiektua aurkeztu dute hautetsi zentristek
Jean Tellechea, EAJko herri kontseilaria Urruņan, eta Beņat Inchauspe, Harparneko auzapeza eta Nouveau Centre alderdiko kidea. Gaizka IROZ argazkia.
EAJ, Nouveau Centre eta Modem alderdi zentristetako hainbat hautetsik eta gizarte eragile talde batek Xiberua, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko egituratze politikoari buruzko eztabaidan parte hartzeko proiektu bat landu dute. Batera plataforma azken urteotan lantzen eta herritarren artean zabaltzen aritu den proiektutik oso hurbil kokatzen da. ( Lurralde elkargoari buruzko gogoetan parte hartu duten eragileen zerrenda )
Izan ere, hautetsi taldeak egindako proposamen berri horrek, euskal lurralde elkargo egituraren sortzea hobetsi, eta egitura mota horrentzat legez onartuak diren eskumen eta egituratze formak bere egiten ditu.
Eskumenei dagokienez, gaur egun, Kontseilu Nagusiaren eta Akitaniako Kontseiluaren esku dauden azpiegiturak, ikastetxeen kudeaketa, bideen kudeaketa eta kirol eta kultur arloetako eskumenak egitura berri horretan biltzea aipatzen du proiektuak. Horiez gain, hiru "esperimentazio eskumen" berri eskuratzea du xede hautetsien proposamenak: Europako Egiturazko Funtsen kudeaketa eta transferentzia eta hizkuntz arloko eta mugaz gaindiko eskumenak.
Egitura hori kudeatzeko asanblada bat eratzea proposatzen du, halaber, hautetsi taldeak, eta hor arituko diren hautetsiak bozen bidez hautatzea, eta hirugarrenik, egitura berri horren aurrekontua egun departamenduak eta Akitaniako Kontseiluak jasotzen dituzten Estatuko laguntzekin eta tokiko zergen bidez bildutako diruarekin osatzea.




