Ipar Euskal Herriko eragileak presente dira Parisen zabalik den Expolangues azokan

Argitaratua: 2012-02-02 13:17:42

Josune Ariztondo eta Miren Dobaran Bizkaiko Foru Aldunditik eta Rodrigo Gartzia Azkue fundaziotik, EKEko zuzendaria den Pantxoa Etchegoin-ekin eta France-Euskadi Institutuko presidentea den Jean Philippe Larramendy-rekin, iazko Pariseko Expolangues Azokan.

Pariseko Expolangues azoka abian da Parisen. Etxepare institutuak gidatuko du lehen aldiz euskal ordekaritza hizkuntzen azokan. Ipar Euskal Herriko eragileek ez diote muzin egingo hitzorduari. Hartara, Euskara hizkuntza Frantzian hitzaldia eskainiko du, ostiralean,  Argitxu Camus Etchecopar, Sorbonne III Unibertsitatean euskara irakurleak. Egun horretan bertan, Maddi Oihenart kantariak kontzertua eskainiko du Sorbonne III Unibertsitatean, Jérémy Garat musikariarekin batera. Otsailaren 4an, larunbatarekin, Ur Apalategi idazleak hitzaldia emanen du azokan, Euskal literatura globalizazioaren garaian izenburupean.

Euskara eta euskal kultura nazioartean ezagutarazteko ahaleginean, azoka ezberdinetan parte hartuko du aurten ere Etxepare Institutuak. Lehen biak Cannes hirian urtarrilaren 28tik 31era burutu den Midem musika azoka eta Parisen otsailaren 1etik 4ra bitartean idekia den Expolangues hizkuntza azokan izango dira.

Midem azokaren 46. edizio kari Euskal Herriko musika industriak "Euskadiko Soinua" programaren bidez hartu du parte beste urte batez Canneseko Midem-ean.

HABE eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren lekukuoa hartuta, Etxepare Euskal Institutua bere baitan joan da aurten, lehen aldiz, Pariseko Expolangues azokara. Frantses hizkuntza ohorean ezarriko du iazko edizioan 22 738 bisitari jaso zuen azokak. 80 bat hizkuntza, horien artean, euskara, presente izanen dira Expolangues-en.
Etxepare Euskal Institutuko iturriek azaldu dutenez, bere erakusmahaiara gerturatzen diren bisitariak gure hizkuntzari buruzko azalpen ezberdinak aurkituko dituzte. Euskaraz aritu nahi izanez gero, euskara eskolak zein www.euskaramundiala.net webgunearen bitartez euskaraz aritzeko aukera eskainiko zaizkie. Beste hizkuntzetara itzuli diren euskarazko liburuen katalogoa, liburuak, hiztegiak eta material didaktikoa ere eskuratu ahal izango dituzte.

Horrez gain, Etxepare Euskal Institutuak ekitaldi ezberdinak antolatu ditu azokaren programazioaren baitan. Horietarik batzuk aitzina eramateko Ipar Euskal Herriko eragileekin elkarlanean aritu da.

Otsailaren 3an, 11:30etan,  Euskara hizkuntza Frantzian hitzaldia eskainiko du Expolanguesen Argitxu Camus Etchecopar, Sorbonne III Unibertsitatean euskara irakurlea denak. Egun horretan bertan, 19:00etan, Maddi Oihenart kantari zuberotarrak kontzertua emango du Sorbonne III Unibertsitatean, Jérémy Garat musikariarekin batera. Eta otsailaren 4an Ur Apalategik hitzaldia emango du azokan, Euskal literatura globalizazioaren garaian izenburupean, 16:30etan.

Etxepare Euskal Institutuko Euskararen sustapen eta hedapenerako zuzendari  Mari Jose Olaziregi ere Parisen izango da, azoka dela eta. Beste hainbat helburu betetzeko ere baliatuko du bidaia: otsailaren 2an Sorbonne III unibertsitateko Etudes Ibériques et Latino-Américaines (EILA) saileko buruekin elkartuko da, Institutuak bertan duen euskara eta  euskal kulturaren lektoradoaren azterketa egiteko eta etorkizuneko jarduerak zehazteko. Gainera, egun berean, 14:30etan, euskal literaturari buruzko eskola bat emango du Olaziregik Sorbonne IIIan.

Otsailaren 3an, Exponlanguesera joateaz gain, Enrique Camacho Pariseko Cervantes espainiar Institutuko zuzendariarekin bilduko da, bi egiturek haien arteko kolaborazioa sakontzeko eta otsailetik aurrera bertan eskainiko diren euskara eskolei buruz hitz egiteko.

( Irakurri ere: Iaz elkarlanean aritzeko hitzarmena izenpetu zuten Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundeak (EKE) eta Bizkaiko Azkue Fundazioak Expolangues azoka kari )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi