Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko ikasleak baxoa pasatzen hasi dira
Antsu mila ikasle baxoa pasatzen ari dira ostegun huntan BAB (Biarritz-Baiona-Angelu) eta Donibane Lohizuneko lizeotan. Filosofia azterketarekin hasi da unibertsitatera joaiteko proba. Heldu den asteazkenean bukatuko dira hautaketa probak. Azterketa hauek aproposak dira ? Euskal Herria Bere Eskola-ko kide den Edurne Larrańagak azterketa hauen gaineko hausnarketa sakona eskatzen du.
EHBEren arabera, beharrezkoa da proba hauen gaineko hausnarketa sakona egitea. «Hezkuntza sistema arrotzen inposaketaren adibiderik gordinena direla kontutan hartuz, herri gisa jarrera komuna definitu behar dugu», nabarmendu du Edurne Larrańagak.
Bakoitzak bere ikuspegia izanen badu ere, Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde dauden herritar, sektore eta eragileek lan ildo zehatzak mahai gainean jarri behar dituztela pentsatzen du, egungo hautaprobei aurre egin eta bestelako eredu bat egunez egun eraikitzeko.
Defendatu duenez, ikasleak dira subjektua eta beraiek barneratu beharreko gaitasunek egon beharko lukete erdigunean. Beste gauza bat da hori nola baloratuko den. Gero eta gehiago dira ebaluazio jarraituaren aldeko apustua egiten dutenak.
Eta baieztapen horretara iristeko, hiru aldagai izan ditu presente. Lehenik eta behin, kultur ikuspegia. «Curriculum espainiarraren zein frantziarraren araberako ezagutzak baloratzen dira bereziki. Baxoan, euskarak ez du tokirik ere. Selektibitatean, berau euskaraz egin bagenezake ere (askotan probak gaizki itzulita edota modu desegokian idatziak daudela) guztiz iraingarria iruditzen zaigu hizkuntzaren beraren azterketak zein maila lantzen duen. Horretaz gain, gure herriaren gainerako ezagutzak ez dira kontuan hartzen».
Bigarrenik, ikuspegi pedagogikoaren aldagaia dago. «Eredua atzerakoia bultzatzen dute, ezagutza memoristikoa baita baloratzen duten bakarra. Azterketa gehiegi denbora gutxiegian egiteak ikaslearengan sortzen duen presioa, estresa eta ezinegona ere oso presente izan behar dugu. Ondorioz, ezagutza memoristikoa bera ere ezin dugu modu egokian baloratu. Gainera, egun hezkuntzan gailentzen ari diren ikuspegi berriak aintzat hartzen baditugu, gaitasunen lanketa hezkuntza prozesuaren erdigunean kokatzea, hain zuzen ere, guztiz kontraesankorra da azterketa eredu honek indarrean jarraitzea».
Azkenik, helburuak aztertu dituzte, baliagarritasuna azken finean. Eta zera ondorioztatu dute: «Argi dago ez dutela ikasleria, ez ikastetxea ezta irakas-ikas prozesua baloratzeko balio. Unibertsitaterako sarreraren sailkapenerako tresna besterik ez dira. Hemen kokatuko genuke hirugarren aldagaia: nolakoa izan behar den unibertsitaterako sarrera; existitu behar duen edo ez; egotekotan, zeren araberakoa izan behar den...».
Larrańagaren iritziz, proben eragina ezin dugu azterketa batera mugatu, ikastetxeetan urte osoko planteamendua egiten baitute horiek gainditzeko.
Hego Euskal Herrian martxan jarri diren hautaproba berriei buruz, honakoa adierazi du: «Aldatzeko premia nabarmena zen eta berau aldarrikatzen zuten ahotsak gero eta ozenagoak ziren; beraz, borondatezko aldaketa baino, beharturik hartutako erabakia izan delakoan gaude».
Larrańagaren aburuz, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian indarrean dagoen unibertsitate sistema espainiar hezkuntza sistemaren baitakoa da, Europako hezkuntza sistema zaharkitu eta atzerakoienetako bat. Bertan ikaslea ez da ikasketa prozesuaren subjektua, oinarrian jakintzagaiak baitaude eta gaitasunak. Ezarritako aldaketek Europako hezkuntza markoaren homogenizazioa dute helburu, Bologna prozesuari jarraiki. Hortaz, Lapurdiri, Nafarroa Behereari eta Zuberoari dagokienez, Europako gainerako estatuetara hurbiltzeko saiakera dira.
«Kultur ikuspegitik (azterketen edukian sartuz), ordea, atzerapausoak nabarmenak dira. Berritzen ari diren curriculum autonomikoetan eduki arrotzak txertatzen ari dira eta horiek barneratzea betekizun bilakatu da. Hemendik aurrera, euskara gainditu gabe Euskal Herriko unibertsitatera joaten ahal zara, baina ez espainiar Konstituzioa ez baduzu barneratua».
Azpimarratu duenez, gero eta nabarmenagoa da estatuek hezkuntzaren bidez uniformizazio linguistiko eta kulturala lortu nahi dutela. Eta, bide horretan, selektibitateak eta baxoak batxilergoko curriculuma ezarri eta ikuskari lana betetzen dute.





