Ipar Euskal Herriko ikastola guztiak arriskuan direla salatzeko manifestazioa deitu du Seaskak larunbatean Baionan

Argitaratua: 2013-06-18 12:09:35

Ekainaren 12 suprefetak Hendaiako ikastolaren eraikina, "hezkuntza zentro" gisara ere herriko etxeak finantziatzea legez kanpokoa zela erranez gutuna igorri zion Hendaiako auzapezari, Falloux legea gogora ekarriz. Delibero horrek ikastolen eraikinen finantziazioan etorkizunean izaten ahal dituen eraginak oso arriskutsuak direla eta Seaskak manifestazioa deitu du larunbatean Baionan arratsaldeko 15:00etatik aitzina. Apirilaren 23an Hendaiako herri kontseiluak ikastola eraikitzea deliberatu zuen, hezkuntza zentro izenarekin. Erabaki horrek herri kontseilua oso bananduta agertu zuen, eta kontra ziren hautetsiek prefetari idatzi egin diote. Horren ondorioz ekainaren 14ean prefetak Herriko Etxearen deliberoa ilegalda dela erran zuen, "hezkuntza kodearekin" ez duelako bat egiten. Seaskak Ipar Euskal Herriko ikastolen %90a laguntza publikoekin eraikia izan dela gogora ekarri du eta erabaki honek jurisprudentzia ezartzen ahal duela ikastolak arriskuan emanez. Manifetazioa Baionako Alderdi Sozialistaren egoitza den Gaskoinen plazatik abiatuko da Gobernuraren ordezkaritza den suprefekturaren aitzinean bukatzeko. Alderdi Sozialistako Ipar Euskal Herriko parlamentariak diren Frederique Espagnac, Colette Capdevielle eta Sylviane Alauxi "afera eskutan har dezaten" galdetuko die Seaskak, "behin betikotz lege babes bat" izan dezaten. EH Bai koalizioak manifestazioan parte hartzera deitu du eta "Frantses gobernuari behin betiko euskara eta hizkuntza guttituak ezagutzea exijitzen" du.
Seaska Ikastolen Federazioko idazkaritza taldeak asteburuan larrialdiko bilkura egin du, eta astelehen arratsean Seaskako federazioaren baitan diren zentro guztietako ordezkariak bildu dira gaur aurkeztu duten testuaren adosteko.

"Hizkuntza politika publiko osoa da arriskuan emana. Euskararen kontrako eraso zuzena da. Bretainian, Alsazian, Okzitanian, Katalunian eta Euskal Herrian nehork ez du egiten murgiltze ereduak egiten duen lana" salatu du irmoki Seaskako presidentea den Paxkal Indok.

Hori dela eta larunbatean Baionako karriketan eginen den manifestaziorako dei zabala plazaratu dute: "Euskal Herri osoari egiten diogu dei, eraso horri eranzun diezaion". Seaskako zuzendaria den Hur Gorostiagak gogora ekarri du heldu den sartzean 3.000 haur baino gehiago izanen direla ikastolen sarean Ipar Euskal Herrian.

Deialdi irmoa egin diote Euskal Herriko parlamentari sozialistei: "Frederique Espagnac, Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle, har ezazue dosier hau eskuan! Promesa eta hitz ederrek ez dute gehiago baliorik. Urrats zehatzak behar ditugu hemen eta orain! Lege bat behar dugu orain".

Legea galdetuz Gorostiagak oroitarazi nahi izan du: "Estatuak erabaki zuen Eskolaren Berreraikuntza legeari Frederique Espagnacek eta Jean-Jacques Lasserrrek ezarri zituzten zuzenketak atzera botatzea". Senatariek aurkeztu zituzten zuzenketa horiek hizkuntza gutxituen hezkuntzari ezagutza handiagoa ematen zien, eta Lasserrenak zehazki finantziazio publikoa murgiltze sistema laikoan baimentzea galdetzen zuen.

Patrick Dallennes suprefetak Hendaiako auzapez Battitta Sallaberryri ekainaren 12an igorri zion gutunak "Estatuak 1969. urtetik zegoen adostasun bati amaiera" ematen diola salatu dute ikastolen federaziotik.

Hendaiako hautetsien salaketa
Lehen gutuna ezagutzera eman zenean, eta otsailaren 2an kostaldeko hirian 3.000 pertsona elkartu ondoren Seaskako ordezkariak prefetarekin bildu ziren eta honek konponbide bat atzematen entsaiatuko zuela adierazi zuen. Aldiz Hendaiako herri kontseiluan ikastolaren egitasmoaren kontra agertu ziren hautetsietako batzuk gutuna igorri diote prefetari, desmartxaren ilegaltasuna oroitaraziz. "Ez ditugu berehala ahantziko Viera, Beitia eta bere lagunen izenak, ikastolen etsai eta euskararen etsai baitira" salatu dute Seaskatik.

"Hendaiako hautetsiengatik jurisprudentzia berri bat sortu da, prebentiboki arituz Herriko Etxearen kontra legea bere gordintasunean aplikatu du, nahiz eta Hendaiako Herriko Etxeak hartu erabakia, orain arte hainbat herriko etxek hartu dutelarik erabat legala izan" adierazi du Paxkal Indok, Seaskako presidenteak.

Hendaiako hautetsi sozialistek ere apirilaren 24ean kontra bozkatu zutela ekarri dute gogora ikastolen federazioko ordezkariek: "Hendaiako 180 familia eta 250 haru bahitzen dituztenak beren karrera politikoa, beren interes pertsonala, interes orokorraren gainetik ezarriz".

EH Bai
EH Bai koalizio abertzaleak salatu du: "erabaki horrekin azken hamarkadetan lortutako kontsensua hautsi du suprefetak. 30 urtez gibelerat eramaten gaitu erabaki hori. Ber denboran euskararen garatzeko hainbat tresna plantan eman dira baina horren parean ez dira behar diren baliabideak ematen. Oraindik ere, euskarak ez du ezagupenik".

Hori dela eta koalizioak suprefetaren jokamoldea salatu du, euskararen biziraupenerako euskara hizkuntza koofiziala izendatzea galde egiten dute eta zentzu horretan Frantses gobernuari euskara eta hizkuntza guttituak ezagutzea exijitzen dute. Gaineratu dute: "Bide horretan François Hollanderi bere engaiamenduak betetzea, hizkuntza guttituen xarta izenpetzea exijitzen dugu".

Ikastolen baitan arazo larria
Baionako suprefekturaren aitzinean eginen duten agerraldia prestatzeko. Prefetaren delibero honek arazo larriak ekartzen ahal ditu, izan ere gaur egun Seaskaren baitan diren ikastolen %90 inguru erakunde publikoen laguntzarekin eginak izan direla kalkulatzen da. Hendaian ikasleen kopuru handia dela eta Indok han oso egoera oso txarrean direla oroitarazi du. Aldi berean etorkizunera begira oztopo larria izaten ahal da, bertze herri batzuetan diren egitasmoak gelditzen ahal dituelako, baita Biarritzeko lizeoa ere. Urtarrilaren 28an Baionako su-prefeta den Patrick Dallennesek gutun bat igorri zion Hendaiako Herriko Etxeari eraikuntzaren finantziazioa debekatuz. 1850. urtekoa den Falloux legeak ezartzen dituen muga zorrotzak oroitaraziz. Hain zuzen ere, diru publikoarekin -edo eraikin publikoak emanez- "hezkuntza egitasmo pribatuak" laguntzea debekatzen du.

Izan ere, lege horri zirrikituak atzeman dizkiote azken urtetan Ipar Euskal Herrian. Gauzak horrela Seaskak Iparraldean dituen zentroen %90a sostengu publikoari esker egin dituzte.

Hendaiako ikatola berria eraikitzeko egitasmoa abiatzeko zenean igorri zuen gutuna suprefetak. Mobilizazio handiak ekarri zituen horrek lege horren protesta egiteko. Prefetak mementu horretan konponbide bat atzemateko prest zela adierazi zuen. Apirilaren 23an Hendaiako herri kontseiluak ikastola eraikitzea deliberatu zuen. Baina ortziralean prefetak Hendaiako Herriko Etxeak ikastola eraikitzeko hartu duen deliberoa ilegalda dela erran zuen.
Protestak Otsailaren 2an 3000 lagun hurbildu ziren Hendaiarat Baionako suprefetak Herriko Etxeari ikastola berria sortzeko laguntzarik ezin duela eman erranez luzatu mehatxuari erantzuteko. Ikastoletako buraso eta haurrekin batera eragile politiko anitz izan ziren. UMP, MoDem, PS, Berdeak eta, bistan da, alderdi abertzaleen ordezkari ugari bertaratu ziren.

Ondoren otsailaren 4ean Ipar Euskal Herriko ikastolen sosteguz Baionako suprefeturaren aitzinean mobilizazioa egin zuten. 400 lagun bildu ziren Seaskak deitu elgarretaratzean.

Horren ondoren Hendaiako ikastolari buruzko gatazkari konponbidea bilatzeko asmoa agertu zuen prefetak.

Falloux legeak arazo handiak sortzen dizkie ikastolei. Hori dela eta Jean-Jacques Lasserre senatariak zuzenketa bat ezarri nahi izan zuen Senatuan Eskolaren berreraikuntzarako legea pasatu zenean. Zuzenketak ez zituen Senatuan aurkeztua izan ahal izateko bidean aztertzen duten Komisioen galbaea zeharkatu. Finantzien komisioak gibelera bota zuen, Estatuarentzat gastu bat gehiago ekarriko zuelako.

Herri Kontseilua Apirilaren 23an Hendaian egin zen herri kontseiluaren bilkuran "hezkuntza zentroaren" egitasmoa onartzea deliberatu zen. Kontseiluan 17 bozka izan ziren ikastola berriaren alde eta 14 kontra, bi abstentzio ere izan ziren. Battitta Sallaberry auzapezaren koalizio taldea guztiz banandua agertu zen bozka honetan, zortzi hautetsik kontra bozkatu zutelarik. Eztabaida bizia izan zen. Hendaiak egun duen ikastola txikiegia dela eta beste eraikin baten eraikitzeko egitasmoak arazoak izaten ari dira.

Geroztik Battita Sallaberryk 2014ean izanen diren hauteskundeetara berriz aurkezteko asmoa duela jakitera eman duenean arrazoi nagusietako bat ikastolaren proiektua bururaino eramateko dela erran du.

Aspaldiko proiektua Hendaian ikastola berria sortzeko proiektua ez da berria. Kotte Ezenarro sozialistak mahaigainean ukan zuen eta bere ondoren alkatetza hartu duen Battitta Sallaverry auzapezak eraikin berria ematen zuela erranez irabazi zituen hauteskundeak. Gure Ikastolaren 40. urtemuga kari, Battitta Sallaverryk 2014ko ikasturte sartzerako Maxitenea gunean, Pausuko bidean, ikastolaren bigarren eraikina zabalik izanen zela iragarri zuen. Urte bat pasatu da geroztik eta oraindik engaiamendua ez dela gauzatu-eta kexu dira ikastolako arduradunak.


Komentarioak

Komentarioa idatzi