Eskola giristinoek ikasleen kopuruaren beititzearekin hasi dute ikasturtea

Argitaratua: 2010-09-07 10:36:47

2010-2011 ikasturtearen sartzea ikasleen kopuruaren txikitzearekin iragan da irakaskuntza katolikoan. Bataz beste eskola giristino bakoitzean ikasle bat gutxiago izanen da aurten. Irakasleen kopuruak ere pixkat egin du behera. Bestalde, irakasle lanpostu bat gutxiago izanen da lehen mailan eta bost eta hiru laurden gutxiago bigarren mailan. Eskola pribatuen lehentasunetako bat «hezkuntza elebiduna ianeko dagoen tokietan ziurtatzea da» nabarmendu du departamentuko irakaskuntza katolikoko eliznarrutiko zuzendaria den Jean-Marc Aphaulek. Aurten eskola giristino elebidun bat ireki dute, Izturitzen hain zuzen ere.

Idoia ERASO / BAIONA
Lizeo profesionaletan Ipar Euskal Herrian 39 ikasle gehiago izango badira ere, orokorrean irakaskuntza katolikoak 140 ikasle galdu ditu. Galera bereziki kolegioetan izan da. Dirudienez ikasleen txikitze horren arrazoietako bat Hiriburun ireki berri den Aturri kolegio publikoa izanen litzateke.

Galera izanik ere espero zutena baino txikiagoa izan da beititzea. Otsailean Ikuskaritza Akademikoak ikasturte honetan 400 ikasle gutxiago izanen zituztela aurrikusi baitzuen.

Baionan ikasleen kopuruak atxikitzen badira ere egoitzaren arazoak direla eta eskola bat itxi behar izan da. Saint André auzoan zen 50 ikasletako eskolak ez du ikasturte sartzea egin. Sareak egitura zabala baitu Lapurdiko hiriburuan beste eskolek hartu dituzte itxi zentroko ikasleak.

Irakaskuntza elebiduna
Eskola pribatuen lehentasunetako bat «hezkuntza elebiduna ianeko dagoen tokietan ziurtatzea da» nabarmendu du departamentuko irakaskuntza katolikoko zuzendari dioseziarra den Jean-Marc Aphaulek. Aurten eskola elebidun bakarra ireki da, Izturitzekoa hain zuzen ere.

Gaur egun Ipar Euskal Herriko eskola pribatuetan ikasten duten ikasleen %45ak elebidunean ikasten du, hau da 4203 ikasletik 1918. Portzentaia horiek behera egiten dute bigarren mailako hezkuntzara ailegatzean, horrela kolegioetan %26koa da eta lizeoetan %7koa.

Elbarritasunen bat duten ikasleen harrerari dagokionez sare katolikoak lan handia egiten duela nabarmendu nahi izan du Jean-Marc Aphaulek. Aldi berean Estatuak bere engaiamenduak ez dituela betetzen ere salatu du. Sare katolikoan AVS laguntzaile baten beharra duten 110 ikasleen artean 25ek ez dute izanen medio faltagatik.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi