Irakasleen formazio aldaketak sortzen dituen kezkak nagusi ikasturtearen hasieran
Ikasleek kartableak hartu eta berriz ere eskolako lagunak atzemanen dituzte gaur sartze eguna baita Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko eskola gehienetan. Urtero bezala ikasturte hasieran irakasle postuen eskasia edo eskoletako gabeziek protestak sortu dituzte. Hartara, Barkoxeko eskola okupatu dute burasoek, aldi berean Izpura eskolan kexu dira baitaere. Handik kolektiboak, bestalde, elbarritasunaren bat duten 34 haur beharrezko zaien sostengu pertsonarik gabe abiatu dutela kurtsoa salatu du sartzearen besperan. Hortaz gain, erakasleen formazio berriaren inguruko kezkak eta ezadostasunak dira nagusi aurten. Hiriburuko Aturri kolegio berrian protesta ekimenak antolatuak dira.
Orain arte Bac+3-ko ikasketak egin behar zituzten irakasleek orain Bac +5 izanen badituzte ere inolako formazio praktikorik gabe ailegatuko dira irakaskuntza zentroetara. UFMaren bitartez eskeintzen den ikasturte praktikoa desagertu egin da irakasleen formazioetatik. Horren ordez astean behin formazio teoriko bat jasoko dute kolegio eta lizeotako irakasleek.
Eskoletan estageriek praktikadun irakasle baten jarraipena izanen badute ere kolegio eta lizeoetako irakasle berriei eskeiniko zaien laguntza oso txikia izanen da. Bigarren mailako hezkuntzako irakasle berriaren arduradunak tarteka kurtsoak ikustera joaten ahalko da eta bestalde estagierak bere jarraitzalearen lana ezagutzeko parada izanen du, baina inolako beharrik gabe.
Irakasle berri horiek estagierak bezala kontsideratuak izanen dira, baina aldi berean irakasle formatu batek eskeintzen dituen 15 eta 18 ordutako ikastaroak ziurtatu beharko ditu. Ipar Euskal Herriko lizeo eta kolegioetan 21 estagiera izanen dira sartze honetan.
Sistema berri hau irakasle zein ikasleen kalterako izanen dela salatu dute sindikatuek. Izan ere inolako formaziorik ez duten irasleek egoera zailak bizi beharko dituzte ikasleen aurrean, eta aldi berean ikasgaiak azken hauengana ailegarazten jakinen duten ezin da ziurtatu.
Protesta ekimenak Hiriburun
Hiriburuko Aturri kolegioko ikasleen gurasoen FCPE elkarteak zentroko irakasleekin batera protesta ekimena antolatu du gaurko. Arazoak anitzak dira: efektibo gutxiegi, ikasgela beteegiak..., baina irakasleen formakuntzari loturik, aurten bertan kurtsoak ematen hasiko den estagieraren arduraduna BABko beste zentro batean dagoela ere salatu nahi dute. Irakasle berriei egiten zaien jarraipen pedagogikoa txikia izateaz gain jarraipena egiteaz arduratu behar den formatzailea beste hiri batean izanik laguntza eskeintzea ezinezkoa dela nabarmendu dute.
Irakasleen formakuntza praktikoaren desagerpena salatzeko FNSA sindikatuak greba deialdia egin du astelehenerako, irailaren 6rako hain zuzen ere.
Hortaz gain frantses erakasle postu erdia falta zaielako eskola okupatu dute burasoek gaur Barkoxen, eta Garazin ere protesta antolatzeko bidean dira burasoak eskolan dauden gabeziak agerian uzteko.







