Irulegiko arnoa hobeki ezagutzeko eta gogoarekin dastatzeko besta heldu den asteburuan
Izpura eta Irulegiko herriek Irulegiko mahastien besta hartuko dute irailaren 11 eta 12an. Baxe Nafarroako arno ezagunaren sekretuak deskubritzeko eta besta giroan mahastiak bisitatzeko parada eskeinia da heldu den asteburuan. Herria Bizi elkarteak, Garazi-Baigorriko turismo bulegoak eta jatorri-izendapenaren barnean diren arno ekoizleen artean antolaturiko bestak gastronomia dantza eta kirolarekin elkartuko ditu.
Aurten bigarren urtea egiten duen bestak Irulegiko Herria Bizi elkarteak sustatua izan da, baina Izpurako herrian zehar ere iraganen dira ekitaldiak, hasiera ekitaldia esaterako. Larunbatean ordu batak eta erdietan eginen da bestaren irekitzea enigma ezberdinez osatu pista joko batez animatuko da. Arradoiko mendi-bizkarrean desafio ezberdinak proposatuko dira eta aldi berean mahastien ingurua deskubritzen ahalko da.
Ordu bietan parte hartzaileak errezibituko dira eta mozorro ederrenaren saria emana izanen da, horretarako 70. urteetako jantziak eramatea eskatzen da. Arratsalde guztian zehar herriko plazan Irulegiko arnoa dastatzen ahalko da. Gaualdi gormanta eginen da kantu eta musika lagun, ondoren dantzaldiarekin.
Igandea mahastien arteko ibilaldi komentatuarekin hasiko da eta ondoren Claude Labatek Irulegiko mahasti eta arnoaren jatorrietaz mintzatuko da herriko kaperan. Eguerdian jana eta edana, bereziki Irulegiko arnoa, ez dira faltako. Lauretan herriko plazan makilari gazteen lehiaketa eta esku-huskako pilota partida jokatuko da.
Kulturak ere bat egiten du arnoaren munduarekin eta horrela argazkien Biltzarrak aurten gaitzat aukeratu duen "mahastia eta arnoaren" erakusketa bisitatzera joateko gomita ere luzatu dute antolatzaileek. Donibane Garaziko Apezpikuen presondegian ari da iragaiten. Irakurri ere Biltzarrari buruz Kazeta.info-k idatziriko artikulua.




