Izpuran itxiera burutzen duten gazteak hunkiturik dira, jendearen aldetik babesa handia jaso dutelako
Iazko udazkenean Segi gazte erakundearen aurkako polizi operazioaren ondorioz haien etxea atzean utzi eta Ipar Euskal Herrira etorri ziren 8 gazteek itxialdia burutzen dute aste honetan, Izpurako herrian, euroaginduak lan politikoa egiteko duten eskubidea bortxatzen duela salatzeko. Protesta aurrera doala, oso babestuta eta baita hunkituak ere sentitzen direla aitortzen dute gazteek. Jendearen sostengua eskertu eta itxialdiaren ostean gertatuko dena gertatutakoa ere Izpuran harturiko arnasak indar handia emanen diela nabarmendu dute, Info7 irratian, Irati Tobar eta Xalbador Ramirez gazteek. ( Irakurri ere: Euroagindaren aurkako salaketa Gasteizen ). ( Irakurri "Argia"n: D. Bacho: "Aurore Martinek ez du inolako erantzukizunik leporatzen dizkioten akusazioetan" )
Astearte gauean Izpuran eginiko elkarrizketa zabaldu du gaur goizean Info7 irratiak. Xalba Ramirez eta Irati Tobar gazteek, Baxe Nafarrako herrian itxialdia burutzen duten izenean protestaren nondik norakoak aztertu dituzte. Errepresioa eta torturatik ihes eginez etorri zirela Ipar Euskal Herrian nabarmendu dute, lehenik eta behin.
"Tamalez Euskal Herrian oso ohituak gaude honelako kontuetara, gehiago edo gutxiago denok bizi dugulako senide edo gertuko baten bidez egoera hori" azaldu du Ramirezek, berehala egoera politiko berriak "estatuek burutu oldarraldi errepresiboak gatazka politikoa gainditzeko ez duela balio" erakutsi duela azpimarratuz
Lau hilabete igaro direnean haien etxeak gibelean utzi zituztela, Izpuran berriz ere militante gisa, era kolektiboan jardutea, inportantea dela nabarmentzen du Tobarrek.
"Izugarria da finean horrelako egoera batean izan ondoren, orain, hemen, zure kideak ikustea. Kolektibo baten parte garenez zortziak batera agertzea izugarria da", gaineratzen du. Emazte gazteak azpimarratzen duenez, ekimen honen ondoren gertatuko dena gertatukoa ere -"seguraski euroagindua aplikatuko zaigu eta kartzelan bukatuko dugu" erraten du - egun hauetan Izpuran bizi dutenak "markatuko gaitu eta indarra handia emango digu".
"Guk argi dugu gure militantziarengatik etorri zirela gu atxilotzera, eta gure herrietan lanean jarraitu ezin genuenez Ipar Euskal Herrira etorri ginen lan horrekin segitzeko. Arazoa da euroaginduaren aplikazio sistematikoak ukatzen digula hemen militatzeko eskubidea" gaineratzen du Ramirezek.
Ezinbestean Segiko militante politiko gisa haien lanarekin jarraitzeko, euroaginduaren kontrako borrokari lotzeko deliberoa hartu zutela azaltzen dute. "Gure egoeran, iruditzen zitzaigun onena zela borroka hori ahal den eta babes gehiagorekin egitea, euroaginduaren kontrako murru bat egitea ezinbestekoa delako, independentzia eta sozialismoaren aldeko gure militantziarekin jarraitu ahal izateko", gehitzen du Ramirezek.
"Aurore kasua eman zenetik Ipar Euskal herrian sortu den mugimenduak eragin du jende asko posizionatzea jendearen kontra. Horren baitan kokatzen dugu gure agerpen publikoa. Kartzelaratuak izan arte gure asmoa da lanean jarraitzea, argi dugulako gure kontra etorriko direla euskaldunak eta independentistak garelako" goraipatzen du Tobarrek.
Jende aunitzekin izateko aukera izan dute dagoeneko, baina aeuroaginduaren aurka posizionamendua hartu duen sindikatu baten ordezkariarekin izan duten hartu-harremana azpimarratzen dute. "Argiki adirazi digu, nahiz eta beste ideologia bat ukan, gure lan politikoa zilegia dela eta onartezia dela lan politikoa soilik burutzeagatik espainaratua edo kartzelaratua izatea".
Haien erabakiak "bat baino gehiago zur eta lur utzi duela-eta" harro agertzen dira. Espainiar hedabide batzuetan "harriduraz" hartu dutela ekimena eta horren izaera "desitxuratu nahian dabiltzala" erraten dute. "Horrenbeste urte euskal gazteriaren kontra, errepresio basatiaren bidez, aritu ondoren espero dute gazteak kikilduta, beldurtuta egotea eta ez zuten espero guk hartu dugun erabakia, gure militantzia harrotasunez, era publikoan, aldarrikatzeko hartu dugun hautua" nabarmentzen du Ramirezek.
"Urte luzez erantzun errepresiboa baizik ez diote eman euskal gatazka politikoari. Oraingo egoeran, pilota haien teilatua da, beraien eskutan baitago errepresioa gelditzeko urratsa ematea, gure aldetik gatazka horri irtenbide bat emateko, eta Euskal Herrian egoera demokratikora eramateko lanean, borrokan, jarraituko dugu" erran du Ramirezek.
Tobarren azken hitzak errepresioaren jomugan diren gazteei zuzenduak dira: "Izpuratik animo pila bat zerrenda beltzetan izan arren lanean segitzen duten gazte orori, sarekadak izan arren, ezin izan dutela gazte mugimenduarekin bukatu agerian uzten dutelako bere eguneroko lan horrekin"







