Euskal tokiko moneta bezeroaren eskutik saltzailearen eskurat kurritzen hasi da

Argitaratua: 2013-01-31 16:00:29

Egina da. Eusko, euskal tokiko moneta, eskuz-esku, bezeroaren eskutik saltzailearen eskurat, kurritzen hasi da.  Orotara 1, 2, 5, 10 eta 20 eusko-ko 126 000 bilete inprimatu dituzte herritarrek aldatu ahal dezaten. Euskoko sortzaileek hiru lurraldeetan dirua aldatzeko tokien sarea ahalik eta zabalena sortzea dute asmoa. 600 pertsonek Euskal Moneta elkartearen kidetza baieztatu ondoren, lehen sal-erosketak lasaiki abiatu dira. Mementukoz 13 aldagune eman dituzte euroak euskotan aldatu ahal izateko. ( Ikus Bideoa: "Aberastasuna sortzen da moneta kurritzen delarik". Kanaldude )

Eusko, tokiko euskal moneta ekologiko eta solidarioaren Onespen Batzordea iragan astelehenean bildu zen eta 57 profesional eta elkarte berriren sartzea baieztatu zuen bilkura horretan. Horri esker, Eusko sareak 190 zerbitzu emaile ditu dagoeneko.

Haien bidea jarraitu nahi duten pertsonek edo euroak euskotan aldatu nahi dituzten herritarrek ondoko lehen 13 aldaguneetan egiten ahalko dute:

  • Xibero Bio denda (Maulen)
  • Harguindeguy drogeria (Donapaleu)
  • Paris jan-edan, tabako-taberna (Donibane Garazi)
  • Bastide et Gourmandise (Bastida)
  • Hamalaua Gasna denda (Hazparne)
  • Krakada Okindegia (Itsasu)
  • Euzkadi Hotel-Ostatua (Ezpeleta)
  • CKB jostun-sortzailea (Senpere)
  • Xaia Ostatua (Urruña-Pausu)
  • Marigorri oihal ta oroitzapen denda (Donibane Lohizune)
  • Pyrénées Ostatua (Baiona)
  • Le Fandango Taberna-Prentsa-Tabakoa (Baiona)
  • Lafitte landare-animale denda (Baiona).

Azkenik, 112 pertsonek parte hartu zuten Euskal Monetaren Biltzar Nagusian, iragan larunbatean, Uztaritzen, eta bertan Euskoa, tokiko euskal moneta ekologiko eta solidarioa kudeatuko duen elkartearen estatutuak onartu ziren. Biltzar Nagusi berean, elkartearen animatzaile eta zuzendaritza instantziak hautatu zituzten.



Komentarioak

Komentarioa idatzi