Jon Anza aurkitzeko brigadak eginen dituzte asteburu honetan
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Jon Anza preso ohia eta euskal iheslari politikoa aurkitzeko brigada herritarrak antolatu dituela jakinarazi nahi du. Baiona eta Okzitaniako Tolosa arteko tren geltokietan eta inguruko txokoetan kartelak ezarri eta eskuorriak banatuko dira donostiarraren aurpegiarekin. Lekukoek erabil dezaketen telefono zenbakia agertuko da trakta horietan.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Ahetzen bizi den iheslari politikoaren desagerpena ahalik eta azkarren argitzeko lanean ari dela adierazi du asteartean zabaldu duen prentsa_agiri batean. Bir maneran, dei egin die herritarrei brigada herritarretan parte hartzera anima daitezen.
Brigaden inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko herri eta auzoetako kideek izango dute eskura azaldu du.
Joan den ostiralean Baionan emandako prentsaurrean jakinarazi zutenez, apirilaren 18tik desagerturik dago Anza. 47 urteko preso ohiak eritasun larria pairatzen du eta tratamenduan da. Espreski, apirilaren 24an mediku kontsulta zuen, baina dagoeneko ez zen agertu.
Erran bezala, apirilaren 18an ikusi zuten azken aldiz Jon Anza, Baionako geltokian Tolosarat joaiteko trena hartu zuenean. Geroztik ez dago inolako berririk.
Maritxu Paulus-Basurko abokatuak desagerpena ikertzeko eskaera luzatu zion, joan den ostiralean Errepublikako prokuradoreari, Baionako auzitegian. "Le journal du Pays Basque"k jakin ahal izan duenez, fiskalak, eskaera hartu eta, astelehen honetan, ikerketa abiatzea agindu dio dagoeneko Polizia Judizialari.
(Irakur ere: Jon Anzaren desagerpenari buruz ETAk egin duen salaketa gezurtatu du Rubalcaba ministroak)




