Garaipen Arkura igo ziren gazteek Poliziaren kontra plenta ezarriko dute
Joan den ostiralean Pariseko Garaipen Arkuan Jon Anzaren auzia salatzeko ekintza burutu zuten gazteek agerraldia egin dute gaur goizean Baionan. Zortzi lagunen artean, «Poliziak soka baten askatu eta gero», 20 metrotik beheti lurrerat erori zen 29 urteko gaztea azaldu da hedabideen aitzinean. Zauriak ditu oraindik, eta poliziek agertu jokabidea irmoki salatu du agerraldian. Askatasunaren ustez, "Zer egin duzue Jonekin ? " galdera isiltzearren, «noraino iristeko prest diren erakutsi digute frantziar agintariek». ( Hemen Pariseko ekintzari buruzko bideoa ). (Argazki galerian: X.T. Abrisketa gazteak pairatu zituen zaurien irudiak )
Maite UBIRIA | BAIONA
Gazteek bere ekimena nola prestatu eta gauzatu zuten azaldu dute. Aste batzuk lehenago, Pariserat joan ziren tokia hautatzeko. «Nicolas Sarkozy-ren jauregiaren hurbil izanik, Garaipen Arkoa toki aproposena zela erabaki genuen», azaldu dute ekintzaileek.
Xabier Tubal Abrisketak, ekintza horretan zauritua izan zen gazteak, lehenik, eta soka berean zen, eta idatziz bere lekukotasuna eman duen beste gazte batek, ondoren, ekimenaren nondik-norakoak jakitera eman dituzte.
Antsu bederatziak zirela, Pariseko Gare du Nord-era heldu eta lehen polizi kontrola pairatu zuela azaldu du Xabierrek. Hala era guztiz ere, ezer ez zien atxeman eta aurrera segitu zuten Chapêlet-eraino, eta handik Étoilera. 10.30ak añdera, kafetxo bat hartu eta gero, Arkoan sartu eta oroigarrian janeko igota ziren gazteekin elkartu zela gaineratu du gazte urruñarrak.
Eskarmentuko eskalatzaileak direla eta ekintza «material eta teknika» aldetik serioski prestatu zutela nabarmendu du mementu oro. "Zer egin duzue Jonekin" galdera pausatzen zuen banderola ahal den eta denbora gehien Garaipen Arkoan zintzilikaturik atxikitzea zuten helburu. Horregatik kontrapisuaren sistema hautatu zuten ekintza burutzeko. Hau da, bi eskalatzaile soka berean loturik dira.
Hots, bat askatzen bazen, bestea behera zihoan. «Gure asmoa zen gu askatzeko lanak zailtzea, lauzpabost oren goian segitzeko; berez, suhiltzaileek bi garabil behar zituzten sistema osoa deslotzeko», azaldu dute.
Oroigarriaren segurtasunaz arduratzen diren langileekin hainbat ika-mika izan ostean, 10.30etan ekipa osoa Arkoan dago. 10.45etan eskalatzaileak jeitsierari eginen diote, eta banderola zabaltzen dute. Eskalatzaile bat arriskuan da, baina azkenik orekatzea lortzen du. Ekintza, berez, erreusitu dute, eta asmo bakarra ahal den eta denbora irautea... «ahal den eta jende gehienak gure salaketaren berri izateko».
Suhiltzaileak Xabierrekin batera, baina sokaren bestaldean, lotuta den gaztearengana hurbiltzen dira, baina berehala behera jotzen dute. Bere ordez, poliziak azaltzen dira garabiaren plataforman. Poliziak espainolez galdetzen dio ekintzan zauritu zen gaztea lotzen zuen sokaren bestaldean zegoen militanteari: « ¿ Vas a colaborar ? ». Honek baietz erantzun eta, beste kideek egin bezala, zer nolako sistema erabali duten Arkoan zinkilikatzeko azaltzen dio poliziari. Finean, ezin dela eskalatzaile bat askatu bere soka-bikotea lurrera bota gabe errepikatzen dio poliziari. Honek «jakingainean dela» erantzuten dio.
Hala ere, gaztearen lekukotasunaren arabera, sokatik deslotu eta eskuburdinak ezarri zizkioten. Sokaren bestaldean, Xabierrek metro batzuk jeitsi zituen lokarria tinko ez zela sumatu eta berehala. Hala ere, erorketa gertatzen da. Hortaz konturatzekoan, Arkoaren zutabe batean zen andamiora heltzen ahalegindu zen. Alta, berriz askatu eta airean itzulia egin ondoren, lurrera erori zen.
Eskarmentuko eskalatzaile izanik, kontrazio postura hartzeko gai izan zen, horrela bi zangoen gainean erori zelarik. Ezker oineko orkatila bihurritu eta ubeldura batzuk gerri aldean baditu ere, «miraria izan da ez hil izana» aitortzen du Xabier Tubalek.
Muriel Lucantisek azaldu duenez, «euskal jendartean gero eta zabaldua den galdera bat isilaraztearren noraino iritsiko prest diren erekutsi digute frantses agintariek». Erantzukizunak eskatzeko, plenta ezarriko dutela iragarri du Askatasunako ordezkariak.
«Mehatxu eta eraso guzien gainetik, Jon Anzarekin zer egin duten jakin arte, errepresioa eta tortura bukatu arte, Euskal Herrian demokrazia bermatu arte, salaketa lanarekin segituko dugu», gaineratu du.
( Hemen Pariseko ekimenari buruzko azken berriak, irudiak, youtuben agertu bideoa, eta ekintzan zauritu zen Xabier Tubal Abrisketak igorritako mezua )







