Jon Anza kolektiboak auzia argitu arte lanean segitzen duela berretsi du Funosasek polizi etxean
Anaiz Funosas Askatasuneko ordezkaria arratseko ordubietan Baionako polizi etxean sartu da. Hiruak eta erdiak baino lehen komisaldegitik atera da Jon Anzari Ziburun eginiko omenaldiari buruz galdezketa burutu ondoren. Ekitaldi horretan hiru ETA kidek egin zuten "aurreikusia ez zen hitzartzea"ri buruz galdetu diote baina Funosasek Poliziari azaldu dionez "hori ez dela benetako arazoa, arazoa da 19 hilabete igaro ondoren Anzaren desagerpen eta heriotzari buruz erantzunak ez ditugula".
Poliziak komisaldegia aitzinean aurreikusia zen elkarretararatzea galerazi ondoren, bidea autoen bidez blokatuz, Anaiz Funosasi bere elkartasuna adieraztera joan diren herritarrak handik metro batzutara, karrika buruan elkartu dira. Eskuetan Jon Anzaren auzia salatzeko afitxak erakutsi dituzte.
Joan den asteazkenean kazeta.infok aurreratu zuenez, Frantziako Polizia Jon Anzaren aldeko omenaldian ETAko hiru kidek egin zuten ezusteko agerraldiaren karietara galderak pausatzen hasi da. Izan ere, Poliziak ezarritako hitzorduari joan aitzinetik Funosasek argi utzi nahi izan du "hori ez dela benetako arazoa, arazoa da 19 hilabete igaro ondoren Anzaren desagerpen eta heriotzari buruz erantzunak ez ditugula".
Ondoren, Poliziari esateko zituenak laburbildu ditu Funosasek hedabideen aitzinean. "Anne Kayannakis prokuradorearen agindupean Baionako Polizi Judizialak Anza kasuan burutu zuen inkestaren porrota" gogoratzeko asmoa agertu du Askatasuneko bozaramaileak.
Inkesta horrek izandako gabeziak ikusita, uda aitzin eskaera zehatza luzatu zioten Anza familiaren abokatuek Michele Alliot-Marieri. Baionako parketan barne ikerketa zabaltzeko galdegin zioten Justizia ministroari. Geroztik ez dutela erantzunik ukan erran ondoren, "Alliot-Mariek Anza familiari erakutsi dion mespetxua" salatu du Askatasuneko ordezkariak.
Parisek agindutako aurreinkesta
Polizian izandako hitzordua "giro lasaian" igaro dela azaldu du Funosasek komisaldegitik bueltan. Galdezketa Pariseko "terrorismoaren aurkako" sekzioko produradore batek zabaldu duen aurreinkestari lotua zela azaldu ondoren galdera ezberdinak pausatu dizkiote omenaldiari buruz eta orohar Anzaren auzia salatzeko Ipar Euskal Herrian eginiko hainbat jarduerari buruz.
Galdera horiei buruz zehazki erantzun ordez, Funosasek hauxe erran dio Poliziari: euskal iheslariaren desagerpenari buruz egia lortu arte auzi horretan jarduten duen kolektiboak lanean segitzeko asmoa duela.







