Jon Anza Kolektiboak desagerpena argitzeko bidean «bilkura emankorrak» burutu ditu Parisen

Argitaratua: 2009-12-28 19:21:43

Anza komitearen ordezkariak Espainiako enbaxadan errezibituak izan dira, Parisen.

Iragan uztailean sortu zuten Jon Anza Kolektiboaren ordezkaritza bat Parisen izan da. Joan den abenduaren 18an euskal militantearen desagerpenari buruz biltzar publikoa egin dute elkartasun komitearen eskutik CICP-en. Hortaz gain, Giza Eskubideetako Ligak emandako laguntzari esker, Frantziako legebiltzarrean jarduten duten hainbat ordezkariekin bildu dira, baita Pariseko hedabideetan idazten duten kazetariekin ere. «Euskal Herrian nagusitzen den isiltasuna nolabait hautsi dela senditu dugu» azaldu dute Baionan eman duten prentsaitzinean.

Maite UBIRIA | BAIONA
"Non da Jon ? " lelopean joan den irailaren 19an Donibane Lohizunen ospatu zen manifestazioa izan zen Jon Anza kolektiboaren aurkezpen publikoa. Bi mila lagun goiti bildu ziren iheslari politikoaren desagerpena saltzeko eta Frantziako Gobernuari gertataki ilun hori argitu dezala exijitzeko.

Gabi Mouescak azpimarratu duenez, udaz geroztik lanean jardun dute «Anzaren familiak eta euskal jendarteak galdegiten dituzten erantzunak eman ditzaten» eta berriki Parisen egindako itzuliari esker lan horretan segitzeko indarberriturik sentitzen direla gaineratu du.

Parisen abenduaren 15etik eta 18a bitartean egin duten biraren nondik-norakoak azaldu dituzte gaurko agerraldian. "Le Monde" egunkariak Jon Anzari buruz plazaratu informazioak «auzia berpiztu» duela uste du kolektiboak. Horrela sumatu dute politikari zoin kazetariekin izan dituzten hartu-harremanetan. «Frantziar lurraldean, atzerri zerbitzuek burutu duten pertsona baten bahiketa eta desagerpena gertakaria larritzat hartzen dutela baieztatu digute» azaldu du Mouescak.

Frantziako hiriburuan eginiko itzulian «harretaz entzun gaituzte eta, kasu gehienetan, gure mintzakideek engaiamenduak hartu dituzte», laburbildu du Anaiz Funosasek.

Hartara, Berdeak-eko senatari den Alina Boumediennek «bere taldeak dituen baliabideak baliatuko dituela desagerpena honen gainean argia egiteko hitza eman digu». NPA zoin PCF ezkerreko alderdiekin goi mailako bilerak egin ditu euskal ordezkaritzak.

Hala, NPA estatuko bulegoko bide bat eta Ipar Euskal Herrirako batzordeko bi kide izan dituzte solaskide. Bestalde, PCFren egoitzan, Justizia batzordearen burua, Henri Malberg-rekin mintzatu dira.

«Hiru egunetako bira aberasgarria»
Bi alderdietako ordezkariek engaiamendu zehatzak hartu dituzte, alde batetik auzia jarraitzeko, eta bestetik, Ahetzen bizi zen iheslari politikoaren desagerpena argitzeko eskakizuna zabaltzeko. Ondoko asteotan NPAk agiria zabalduko du eta PCFk beste hainbat ekimen burutuko ditu.

Hortaz gain, "Metro"k auziari buruz informazioa plazaratu du aldizkariaren kazetari bat Jon Anza komiteko ordezkariekin bildu eta gero. Bestalde, "Le Parisien" egunkarian Anzaren desagerpenari buruz lehen informazioa eman zuen kazetariarekin ere bildu dira.

Azkenik, Britain Handia, Frantzia eta Espainian indarrean diren «terrorismoaren aurkako» legedian aditua den Laurent Bonelli soziologoarekin, estatu aferetan aditu den Antoine Compte abokatu ezagunarekin eta Giza Eskubideetako Ligako lehendakari den Jean Pierre Dubois-ekin izandako bilerak azpimarratu dituzte.

LDHk alderdi ezberdinetako ordezkariekin sortutako taldeak lan iraunkorra burutzen du Frantziako legebiltzarrean, eta elkarteak «auziari buruz duen informazio maila handia» nabarmendu du Anza komiteak. Bere sosteguari esker, Anzaren desagerpenak oihartzun zabalagoa hartzea espero dutela azaldu du kolektiboak.

Auziaren oinarria eta euskal hautetsien isiltasuna
Parisen izan dituzten solasetan bi elementu azpimarratu dute. Alde batetik, «aurkitu ditugun eregile guziek argi dutela auziaren natura argi dute: Frantziar lurraldean atzerri poliziak burutu desagerpena argitzea dela lehentasuna azpimarratu digute», azaldu du Mouescak.

Bestalde, Anza auziari buruzko txostena eta gutuna utzi dituzte Espainiak Parisen duen enbaxadan. «Anzaren desagerpena argitzeko luzatutako eskakizunari segida ematen diotela eta erantzuna izanen dugula erran digute enbaxadan» azaldu dute.

Birari amaiera emateko komiteko ordezkariak biltzar publiko batean parte hartu dute Euskal Herriarekiko elkartasun komitearen eskutik, CICP-en.

Bestetik, Parisen gurutzatu dituzten eragile guziak «zur eta lur dira euskal hautetsi handiek auzi honen karietara gordetzen duten isiltasunagatik» nabarmendu du kolektiboak. Berriz ere, Allio-Mariek auzi honetan «izanen duen ardura berezia» azpimarratu dute, baita Barne ministro ohiak eta egungo Justizi ministroak agertu duen jarrera salatu dutelarik.

Euskal Herrian alderdietako ordezkariekin biltzeko atzeman dituzten zailtasunak nabarmendu dituzte. Mementukoz, Lasalle deputatuak soilik baieztatu du komitearekin biltzeko asmoa.

Frantziako hiriburuan egindako hartu-harremanak emankorrak izan direla eta bertan lortu duten sostenguak «Jon aurkitu arte lanean segitzeko» erabiliko dutela erranez amaitu dute agerraldia.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi