Jon Anza militante abertzalea aurkitzeko prokuradoreak zabaldu duen inkestak ez du oraingoz emaitzarik eman
Maiatzaren 30ean, larunbatean, Europar hauteskundeen harira UMP alderdiak Biarritzen antolatu duen mitinaren aitzinean elgarretaratzea burutuko du Askatasuna elkarteak. Biarritzeko Clemenceau plazan, arratsaldeko 6etan, Jon Anzaren desagerketa salatuko dute. Bestalde, gaur "Le Journal du Pays Basque"k informazio berriak plazaratu ditu Baionako prokuradoreak afera honen karietara zabaldu duen inkestari buruz. Hala nola, tren geltokietan eginen dituzten grabaketak ezabatu dituztela jakin dugu.
«Espainiar estatuarekin eskuz esku errepresioaren aldeko apostuan jarraitzen du frantziar estatuak eta Jonen desagerketa izan da apostu errepresibo honen azken gertaera» salatu du Askatasunak.
Izan ere, azken informazioen arabera, Jonen desagerketa bahiketa baten ondorioa dela hipotesirik sinesgarriena pentsatzen du Askatasunak. Hala, UMP alderdia frantziar gobernuan egonik, Jon Anzaren desagerketan ardura argiak dituela uste du elkarte honek, bereziki bertako ministroa den eta hauteskunde ekitaldian parte hartuko duen Michelle Alliot-Mariek. Bir maneran, Aznaren jaioterrian manifestaziioa eginen dute, bihar ere, eguerdi t'erditan Donostiako Boulevard-etik abiatuta.
«Frantziar gobernua desagerketa honen harira mantentzen ari den isiltasuna oso susmagarria egiten zaigu eta erantzunkizun guztiak argitzeko eskera luzatzen dugu» gaineratu du elkarteak.
Espreski, gaur "Le Journal du Pays Basque" Baionako prokuradoreak daraman ikerketari buruz datu zehatzak emanen ditu. Hala nola, Ahetzeko bizilagunak egin zuen bidaia segitzeko baliogarri izan litezken grabaketak desagertu direla argitaratu du aipaturiko kazetak. Iduriz, 72 ordu soilik gordetzen dituzte grabazioak. Bestalde, geltoki guzietan bideo-grabaketa sistema ez da ezarria.
Bestalde, helikoteroz ibilbidea miatu dutela azaldu du prokuradoreak. Bir manera berrogei bat erietxe eta osasun zentroetan galdezkatu ondoren Anzaren arrastorik ez dute aurkitu. Bere diru txartela eta osasun karta ez direla erabiliak izan baieztatu du, bestalde, prokuradorearen enkarguz PJk eraman duen inkesta.







