Jon Anza preso ohia desagertu izanagatik plenta ezarri dute Baionako Auzitegian

Argitaratua: 2009-05-15 18:11:04

Jon Anza preso ohiaren desagerpena salatua izan da arratsalde honetan Baionako Auzitegian. Maritxu Paulus-Basurko abokatuak azaldu duenez, badirela sei urte inguru Ahetzen bizi den militante abertzalea apirilaren 18an ikusi zuten azken aldiz, Baionako geltokian. Prentsaurrean eritasun larria pairatzen duen donostiarraren anai-arreba eta neska-laguna izan dira. Familiaren arrangurarekin bukatzeko bere esku diren baliabide guziak Jonen desagerpena argitzeko erabiltzea eskatu dio Askatasunak Frantziako justiziari.

Maite UBIRIA / BAIONA
"Apirilaren 18tik Jon Anzaren berri ez dugu". Esaldi horrekin abiatu du Anaiz Funosasek arratsalde honetan Baionan Askatasunak eman duen prentsaurrea. Mahai-gainean, Jon Anzaren argazkia. 46 urteko preso ohiaren aurpegian eritasunak utzitako marka nabarmena da.

Militante abertzaleak eritasun larria du. Ebakuntza egin zioten tumore bat kentzeko eta oraindik ere tratamendua jarraitu behar du bere osasuna berreskuratzeko.

Agerraldian azaldu dutenez, animo aldetik mementu gogorra pairatzen zuela-eta, joan den apirilaren 18an oporraldi txiki bat hartzea deliberatu zuen. Egun horretan, goizeko 7tan, trena hartu zuen Baionako geltokian. Tolosara (Okzitania) zihoala lagun batzuekin egun batzuk pasatzera esan zion neska-lagunari.

Apirilaren 24an mediku hitzordua zuen Anzak. Kontsulta garrantzitsua izanik, bezperan askoz jota etxean bueltan espero zuten. Hala ere, errefuxiatua ez zen inoiz itzuli. "Geroztik, zalantza bat dugu buruan soilik: Non da Jon?" laburbildu du Funosasek.

Etxera ez zela etortzen ikusita, familiak eta neska-lagunak bere kabuz lehen peskizak abiatu zituzte. "Istripua izan zuela pentsatu zuten, eta erietxez-erietxe galdezka ibili dira, baina ez dute berririk ukan".

Egunak pasa ahala kezka eta arrangura handituz joan dira. Horregatik, gaur arratsaldean, Maritxu Paulus-Basurko abokatuak ikerketa-eskaera luzatu dio prokuradoreari. Frantziako Zigor Kodeak, bere 74.1 artikuluan bide hori zabaltzen du. Espreski, artikulu horrek dionez, pertsona baten desagerpena kutsu susmagarria duenean, Errepublikaren prokuradorengana jo daiteke horren bilaketa azkartzeko.

"Hipotesi guziak zabalik daude, eta maleruski ezin diogu non dago Jon? galderari erantzuna eman. Horregatik galdera horri erantzun bat emateko fiskalak bere esku duen guzia egitea eskatzen dugu. Bere medio guziak familia baten arrangura bukatzeko erabiltzea galdegiten diogu. Gure aldetik, Jon non den jakin arte ez dugu etsiko" bukatu du Funosasek.

Jon Anzak 21 urte eman zituen Espainiako kartzeletan. Askatasuna berreskuratu ondoren amnistiaren aldeko mugimenduan jardun zuen. Badira sei bat urte Lapurdira bizitzera etorri zen. Ahetzen bizi zen eta osasun arazoak izan aitzin Hendaian lan egiten zuen.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi