Jon Anzaren gorpuari froga berriak egin dizkiote Tolosako Rangueil erietxean
Joan den apirilaren 18an bete zen Anza desagertu zenetik lehen urtemuga. Data esanguratsu horren bezperan 5 000 herritar «egi osoa» eskatzeko manifestatu ziren Donibane Lohizunen. TALA argazkia.
"La Depêche du Midi" egunkariak atzo argitaratu duenez, Frantziako Justiziak aginduta, analisi berriak egin dizkiote Jon Anza zenaren hilotzari Tolosako (Okzitania) Rangueil erietxean. Euskal militantearen familiako abokatuek eskatu zituzten analisi berri horiek eta Anza kasua daraman epailearen kontrolpean burutuak izan direla, joan den asteazkenean, azagutzera eman du aipaturiko kazetak.
Maite UBIRIA | BAIONA
Jon Anzaren gorpua joan den martxoaren 11ean azaldu zen Purpan erietxearen gorputegian. Euskal militantea 2009ko apirilaren 18an ikusi zuten azken aldiz Baionako tren geltokian. Bere familiak eta lagunek, alde batetik, eta Frantziako Polizi Judizialak, bestetik, 10 hilabetez burutu zuten ikerketek ez zuten emaitzarik eman eta nehork ez zuen preso ohiaren berririk ukan joan den martxoan Tolosako morguean agertu arte.
"La Depêche du Midik"k aipatzen duenez, gorpua 10 hilabetez ahantzi zuten morguean. Hala ere, erietxeak ahalegin handiak egin zituela gorpuaren identifikazioa lortzeko ez du aipatzen. ( Hemen informazioa )
Horren ondoren, frantziar Justiziak autopsia agindu zuen. Hala ere, Baionako prokuradoreak, Anne Kayannakisek, ez zuen onartu azterketa horretan familiaren konfidantzazko medikua izaitea. Beste kasu batzuetan, alta, Justiziak beste era batera jokatu du. Hala nola Oihane Errazkin preso ohiaren kasuan.
Anne Kayananakisek berak eman zuen autopsiaren emaitzaren berri prentsaurreko batean. Orduan azaldu zuenez, ETAko militantea era naturalean hil zen, eta bere heriotza Anzak pairatzen zuen gaisotasunarekin lotu zuen berehala fiskalak euskal herritarraren desagerpena argitzeko dozierra Tolosako epaitegiaren esku utzi aitzin.
Alde zibila gisa aurkeztu eta gero, autoptsiaren emaitzak, eta oro har Anza kasuaren dozierra, jaso zuten Anza familiaren abokatuek. Horiek behatuta, gorpuari hainbat analisi egitea eskatu zuten. Froga horiek joan den asteazkenean egin zizkiotela gorpuari plazaratu du "La Depêche"k.
Tolosako kazetak nabarmentzen duenez, Ahetzen bizi zen militantearen gorpua agertu denetik, «aferak bilakaera guziz politikoa hartu du». Anza familiak eta euskal militantearen desagerpena argitzeko sorturiko kolektiboak frantziar eta espainiar autoritateekin benetako pultsoa libratzen dutela aipatzen du egunkariak. Hartara, Anza familiaren defentsaz arduratzen ziren bi abokatu, Jon Enparantza eta Arantza Zulueta, ustez ETArein harremanak zituztelakoan atxilo dituztela gaineratzen du Tolosako hedabideak.
Anartean, Frantziako Poliziak 2009ko apirilaren 18tik eta 29a artean Anzak zer egin zuen Tolosan argitzeko abiatu inkestarekin segitzen duela azaldu du egunkariak. Hotel horren egungo jabeek informazio hori gezurtatu bazuten ere -hona hemen Gara egunkariak, lehenik, eta ondoren Noticias taldeak jasotako informazioa- Anzak gau bat Le Clocher de Rodez-en egin zuela eta janeko bere osasun egoerak hoteleko langileen arreta deitu zuela esanez amaitzen da "La Depêche"ko artikulua.
Irakur ere:




