Jon Anzaren desagerpena argitu beharrean gertakari horren salaketa publikoa ekidin nahi du Poliziak

Argitaratua: 2009-05-30 16:30:34

Non da Jon ? galdera ahoz ahoz pasatzen denean, Poliziak Ahetzeko bizilagunaren desagerpenari erantzunak bilatu beharrean gertakari larri hori salatzeko, gaur arratsean, Biarritzen Askatasunak deitu duen protestari buruz beldur-mezuak zabaltzeari ekin dio. Hala, informazio honekin agertzen den irudian ikusten denez oharra banatu du, Biarritzeko komertsanten artean, UPM ekitaldi baten atarian antolatu den elgarretaratzean jende anitz bildu daitekela eta, zeharka bada ere, istiluak izan daitezkela ohartaraziz.

Maiatzaren 30ean, larunbatean, Europar hauteskundeen harira UMP alderdiak Biarritzen antolatu duen mitinaren aitzinean elgarretaratzea burutuko du Askatasuna elkarteak. Biarritzeko Clemenceau plazan, arratsaldeko 6etan, Jon Anzaren desagerketa salatuko dute.

Mobilizazio horren atarian, Polizia Biaritzeko komertsantegana jo du, ohar baten bidez bere dendak babesteko eskatuz. Hau da, istiluak izaiteko aukera dagoela erran du Poliziak.

Bestalde, atzo "Le Journal du Pays Basque"k informazio berriak plazaratu zituen Baionako prokuradoreak afera honen karietara zabaldu duen inkestari buruz. Hala nola, tren geltokietan eginen dituzten grabaketak ezabatu dituztela jakin dugu.

«Espainiar estatuarekin eskuz esku errepresioaren aldeko apostuan jarraitzen du frantziar estatuak eta Jonen desagerketa izan da apostu errepresibo honen azken gertaera» salatu du Askatasunak.

«Frantziar gobernua desagerketa honen harira mantentzen ari den isiltasuna oso susmagarria egiten zaigu eta erantzunkizun guztiak argitzeko eskera luzatzen dugu» gaineratu du elkarteak.

Espreski, gaur "Le Journal du Pays Basque" Baionako prokuradoreak daraman ikerketari buruz datu zehatzak emanen ditu. Hala nola, Ahetzeko bizilagunak egin zuen bidaia segitzeko baliogarri izan litezken grabaketak desagertu direla argitaratu du aipaturiko kazetak. Iduriz, 72 ordu soilik gordetzen dituzte grabazioak. Bestalde, geltoki guzietan bideo-grabaketa sistema ez da ezarria.

Bestalde, helikoteroz ibilbidea miatu dutela azaldu du prokuradoreak. Bir manera berrogei bat erietxe eta osasun zentroetan galdezkatu ondoren Anzaren arrastorik ez dute aurkitu. Bere diru txartela eta osasun karta ez direla erabiliak izan baieztatu du, bestalde, prokuradorearen enkarguz PJk eraman duen inkesta.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi