Jon Anzaren gorpua Euskal Herriko bidean da
Familiak eskatutako azken azterketak bururatu eta gero, Jon Anzaren gorpua gaur ekarriko dute Euskal Herrira. Okzitaniako Tolosako auzitegiak zabalik duen ikerketa amaitu ez denez, gorpuaren errausketa ezin da egin. Anzaren gorpua Ipar Euskal Herrian lurperatuko dute, zehaztu gabeko egun batean, familiaren barnekotasunean. Gorpua daraman autoa goizeko 11.00ak aldera atera da Tolosatik. Ziburuko funerarium-ean lehen harrera publikoa eginen diote gorpuari arratseko 16.30etan. Bihar, larunbatean, arratseko 5etan, omenaldia eskainiko diote Jon Anzari Ziburuko plazan. KAZETA.INFOk bi ekitaldi horien kondakizuna eta argazki bilduma emanen dizkizue, arratsalde ondarrean.
Joan den martxoaren 11ean ETAko militantearen gorpua Tolosako morgean agertu zen. Gorpua atxemateak ez zuen, ordea, Jon Anzaren desagerketaren gainean hastapenetik izan diren susmoak desagerrarazi. Familiak eta ezker abertzaleak ez diote sinesgarritasunik eman frantziar justiziak zabaldu duen bertsioari.
2009ko maiatzean Jon Anzaren desagerpena argitzeko Baionako prokuradoreak, Anne Kayannakisek agindutako inkestak ez du deus argitu. Egun Tolosako jujeak beregain hartu duen dozierra eskuratu eta gero, Anza familiaren abokatuek inkesta horretan izandako irregulartasunak salatuz agerraldia egin zuten, badira zonbait aste, Parisen, Frantziako Giza Eskubideen Ligaren babespean.
Prentsaurreko horretan iragarri zutenez, Michele Alliot-Marie, Justizia ministroari gutuna igorri diote Baionako parketak buruturiko lanari buruz berne inkesta agindu dezan. Mementuz erantzunik ez da.
Isilgune eta itzalez beterik dagoen dozierraren gainean argi guzia egiteko eskatu du, bere aldetik, Anza Kolektiboak, mobilizazio ezberdinak burutu dituela euskal militantearekin gertatutakoa salatzeko. Euskal Herriko hiri eta herri anitzetan zabaldu da egia eta justiziaren aldeko oihu hori, eta Euskal Herritik kanpo ere zabaldu da aldarrikapena.
Euskal gazteek Pariseko Garaipenaren Arkuan burutu zuten ekintza ikusgarria aipatzea derrigorrezkoa da. Poliziak protesta horrekiko izandako jarrera medio, gazte bat larri zauritu zen.
Familiak arazo ugari izan du inkestaren jarraipena izateko, gehienetan hedabideen biden ezagutu dituztela afera mingarri honetako xehetasunak. Autopsian parte hartzeko ez zuten aukerarik izan, eta frantziar justiziak gorputzean azterketa berriak egiteko eskaera onartu arren, horrek oraindik ere gehiago luzatu du bere sendiaren gorpua berreskuratzeko prozesua.
Familiak errespetua eskatzen du
Jujeak ezarritako baldintzapean bada ere, Jon Anzaren gorpua Euskal Herrira ekarriko dute gaur. Desmartxa guziak bdete ondoren, goizeko 11.00ak aldera abiatu da Tolosako morgetik Anzaren zerraldoa daraman autoa. Gaur, arratseko lauak eta erditan lehen harrera publikoa eginen diote gorpuari Ziburuko funerarium-ean ( ikus hemen belategiaren kokapena ).
Jon Anzaren gorpua bere baitan atxikitzeko agindua eman du Tolosako jujeak. Hartara zerraldoa ezin da ireki. Baldintza hori betetzen dela bermatzeko, Iparraldeko zehaztu gabeko pundu batean ( litekeena Hazparnen edo Uztaritzen ) polizia gorpuaren trasladoa behatzeari ekinen dio.
Anzaren gorpua erraustu ezinean, Ipar Euskal Herrian emanen diote lurra euskal militanteari. Familiak barnerokotasunean eginen du ehorzketa, eta ostiral honetan beilategian ere dolua egiteko errespetua eskatu du. Edonola, beilategiaren kanpoaldean ekitaldi xume bat egiten dute, bertan Jon Anza kolektiboko pertsona batek hitza hartuko duela.
Bihar, larunbatarekin, arratsaldeko 5etan, omenaldia eskeiniko diote euskal militanteari Ziburuko plazan. Euskal Herriko jendarteari “Jon, agur eta ohore gudari” lemapean burutuko den ekimenean parte hartzeko deia zabaldu du ezker abertzaleak.
Ekitaldi horretan ere hainbat neurri hartuak izan dira kazetarien lana bermatzearekin batera, «familiak, lagunek eta ezker abertzaleko militanteek Anzaren figura omentzeko eskubidea babesteko». Hartara, argazkilari eta kameragilek ekitaldiaren hasieran soilik hartu ditzakete irudiak.







