Mujikaren atxiloketa salatzeko elgarretaratzea larunbatean Maulen

Argitaratua: 2012-07-06 20:00:45

Juan Mari Mujika Dorronsoro errefuxiatu ataundarra asteazken goizean atzemana izan da Barkoxen. Ostegun goizean Paueko auzitegirat eraman dute. Bertan jujeak bere aurka Madrilgo agintariek igorritako euroagindu eskaera jakinarazi dio. Auzitegiak heldu den asteartean aztertuko du euroagindua. Anartean errefuxiatu ataundarra Seysseseko espetxera bidali du jujeak. Azken egunotako mobilizapenei jaraipena emanez,  larunbatean elgarretaratzea eginen dute Maulen, Gurutze Xurian, 10:30tan. (  Irakurri ere: Euskal Herriko gatazkaren konponbide integralaren aldeko mugimenduak gutuna igorri dio Hollande presidentari ).

Domintxinen bizi zelarik errepresio ekimen larria bizi zuen gaur asteazken arratsean -15.00ak aldera izan da atxikoketa- Barkoxen Poliziak atzeman duen Juan Mari Mujikak. Ataundarrak ustezko espainiar agenteen esku bahiketa bat pairatu zuen 2008ko abenduaren 11ean.

Hain zuzen ere, Donepaulera erosketak egitera joan zelarik, frantsesez mintzatzen ziren polizi batzuk bertaratu eta komisaldegira laguntzeko agindu zioten. Autoan sartu eta Larzabaleko bidean abiatu ziren. Xiberua eta Baxe Nafarroa arteko mugan dagoen Pagola-Oztibarre inguruko baso batera eraman eta etxola batean bi orenez bahiturik izan zutela, itaunketa ilegala eta mehatxuak eginez, salatu zuen errefuxiatuak. Baionako Auzitegian salaketa ezarri zuen.

Familiarekin mehatxu
Mujikak pairatu bahiketa bere alaba kartzelan sartu berria zelarik gertatu zen. Segi auzia dela-eta Espainian atzeman zuten Iratu Mujika, eta bere bizkar gainean, eta baita bere emaztea eta semea aipatuz ere, mehatxu larriak egin zizkiotela salatu zuen orduan errefuxiatuak.


Komentarioak

icon

HERRIRA Xiberoa

2012-07-04

Elkarretaratzea sarri 18:00etan Olueko (Oloron Ste Marie) komisaldegi aitzinean.

Komentarioa idatzi