Kako auzian epaitutako sindikalista baten DNA fitxatu nahi dutela salatu du ELB sindikatuak
"Laborari" bere aldizkariaren azken alean zabaldu du berria ELBk. Sindikatuak Jean Michel Ayçagerre laborariaren aurka egitekoa den epaiketa salatu du, eta horren aurrean protesta egitera deitu du, heldu den buruilaren 29an. Jon den abenduan atxilotua izan zenean, sindikalista horrek bere DNA fitxatzeari uko egin zion.
Kako baserriko auzian zigortutako sindikalista baten informazio genetikoa fitxatu nahi dutela salatu du ELBk, askatasun sindikalaren aurkako erasotzat jotzen du-eta.
Epaitegiek bost laborari eta kooperatiba bateko kide bati kartzela zigorrak eta isunak ezarri zizkieten baserri baten jabegoaren defentsan hainbat ekintza sindikal egiteagatik.
Orain, zigortutako ELBko sindikalista horietako baten aurka beste auzi bat hasi dute. Izan ere, 2008ko urtarrilean Kako baserriko ekintza batean atxilotuak izan zirenean, Jean Michel Ayçaguerrek DNA laginak ateratzeari uko egin zion. Joan den abenduan, Jendarmeriak laborari hau deitu, eta berriro atxilotu zuen bost orduz. Hor ere uko egin zion DNA ateratzeari. Horren ondorioz, datorren buruilaren 29an berriro epaituko dute Baionan.
ELBren ustez, sindikatuetako kideen DNA fitxatzea askatasun sindikalaren aurkako erasoa da. «Orokorrean, talde oposiziogile politiko eta sozial guztiak fitxatzeko ekimen hori oinarrizko askatasunaren aurkako arrisku larria da», gaineratu du sindikatuak bere aldizkariko azken alean argitaratuko idatzi batean.
Horregatik, laborari guztiak mobilizatzeko eta epaiketa horren aurkako agiria sinatzeko eskatu zuten. Halaber, buruilaren 29an izanen den epaiketaren aurka Baionako auzitegiaren aitzinean protesta egiteko deitu du ELBk.




