Kalakaren aurkako operazio polizialaren ondorioz espetxeratuak ziren gazteak aske dira
Orain dela urte bat Kalakaren aurkako operazio polizialean atxilotu zituzten eta oraindik espetxean segitzen zuten Xabier Susperregi, Mizel Barreneche eta Pantxo Flores astelehen gauean aske geratu ziren. Cédric Garay joan zen astean, –Kalaka afera aipatuz Poliziak burutu zituen beste bi sarekada hutsean geratu ondoren–, libro utzi zuen jadanik epaileak, ostiral gauez.
Astelehen gauean jakin zenez, Xabier Susperregi, Mizel Barreneche eta Pantxo Flores aske geratu dira, urtebeteko espetxealdia egin ondoren. Oraino argitu gabe da zer baldintzetan aske gelditu diren. Aipatu, ordea, Cédric Garayen kasuan Euskal Herrian eta 64 departamenduan bizitzeko debekua ezarri diola Le Vert epaileak. Era berean, bere lagun eta ingurukoekin harremana galarazteko neurriak hartu ditu jujeak.
Aipaturiko lau herritar hauek urte bat preso zeramaten eta dosierran inongo aintzinamenduren berri ez zela ikusirik badira egun batzuk Baigorri-Garazi Herri Elkargoako 38 hautetsik Laurence Le Vert, Pariseko instrukzio epaileari gutun bat helarazi dio kontuak galdeginez.
"Gure eskualdeak bizi izan duen trauma gure gogoetan gelditzen da oraindik gazte horiek kartzelan segitzen baitute. Nola atxiki daiteke norbait hainbeste denbora espetxean gazte hauen kontrako dosier hori 2006ean atxilotua izan zen pertsona baten akusazioan beizik oinarritzen denean? Nun gelditzen da errugabetasun eskubidea?". Gazte hauen erruduntasunaren frogarik ikusi ezean, errugabetasunaren oinarrian, haien askatasuna galdegin diote idatzi horretan Baigorri-Garaziko Herri-Elkargoko hautetsiek epaileari.
"Urte osoan zehar, nahiz eta Pariseko epaileek presio handiak erabili, ez da deus seriosik atera dosier honetan Ducassen aurkako ekintzekin lotzen dituena preso horiek. Izan ere, pertsona horiek elkartzen dituen elementu nagusia haien abertzaletasuna da", gaineratzen du, bere aldetik, Askatasuna erakundeak.
Joan den Irailaren 13an Donibane-Garazin egin zuen prentsarrekoan azkarki salatu zuenez: "ezker abertzalearen kontra baliatua den lege antiterrorista horrekin nahi dutena egiten dute. Kalaka bezalako leku herrikoi, euskaldun, mugimendu politiko, sozial eta kulturalei irekia, gogor kolpatu nahi izan dute eta kriminalizazio estrategi batean sartu, edozein aitzakirekin. Ikusten dugu lege antiterrorista horiek gure eskubide zibil eta politikoak desagertarazteko helburuarekin sortuak izan direla".
Askatasunak deituta, irailaren 20ean Donibane-Garazin antolaturiko manifestaldian 1.000 bat pertsona bildu ziren, "Aski da! Errepresioa ez da bidea. Presoak askatu" lelopean. Handik 24 ordutara, sei lagun atxilotuak izan ziren Ezterentzubi, Ibarrola, eta Uharte-Garazin. Biharamunean guziak aske gelditu zirelarik.
Bestalde, irailaren 24an, beste hamalau bat atxiloketa agindu zituen frantziar justiziak, kasu honetan Kalaka auzia eta Batasunaren aurkako beste hainbat prozedura nahasiz. Atxemandako jende guzia aske gelditu ondoren, 2.000 lagun elkartu ziren, larunbatarekin, Baionan "Batasuna aitzina!" lelopean eginiko manifestazioan.
Elkartasuna eskertu
Gaur eta bereziki azken urte osoan Kalaka auzian egon den elkartasun mugimenduarekin izugarri hunkitua agertzen da Yvonne Flores presoetariko baten ama. Kazeta.inforekin mintzatuz, "mugimendu holada hori ez balitz egon ez dakit zer gertatuko zen» aitortzen digu.
«Eskerrak eman nahi dizkiet mugitzen diren guzieri, hunat hurbildu direnei, sustengu komiteari eta bereziki nerekin hautetsien interpelazio lana eraman dutenei. Interpelazio lan horrek fruituak ekarri ditu, askok gutunak igorri dituzte: Maitia, Lassalle, herrietako auzapezek, Herri Elkargoko ordezkari andanak...», jarraitzen du.
Ondoren, denbora luze honetan izan dituen bizipenak nabarmentzen ditupresoaren amak. «Ama gisa hutsune haundia sendi dut, ene seme bakarra preso sartu dute eta. Injustizia bat da, pertsona baten deklarazioan besterik ez da oinarritzen dosierra. Beraz zergaitik preso atxikitzen duten? argi dut Parisen eskutik euskaldunei pentsamendu eta adierazpen askatasuna kentzeko beste urrats bat besterik ez dela. Euskaldunei libertate mugimendua moztu nahi digute, Laborantxa Ganbararen kontrako auzia azken adibide dugu. Gure kultura, hizkuntza eta ekonomiaren gabe egon nahi dugunok haien jo puntuan gira, besterik ez!», amaitzen du Yvonne Floresek.
Komentarioak
mikel
2008-10-02
Nire elkartasuna kalaka aferan auzipetu guztiei, estatu frantsesak artu duen jarrera errepresiboaren aurrean abertzaleok tinko erantzun behar dugu! gora kalaka, gora ezker abertzalea!


- 

