Kayanakisek Toulouseko instrukzio epaile baten esku utzi du Anza auzia
Joan den astelehenean iragarri bezala, Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak instrukzio epaile baten eskuetan utzi du Anza auzia. Iazko maiatzaren 18an Jon Anzaren desagerpena argitzeko zabaldutako inkestak porrot nabarmena egin ondoren hartu du erabakia fiskalak. Preseski euskal militantearen gorpua Purpan erietxearen morguean zegoela jakin eta astebetera utzi du auzia Kayanakisek.
Kayanakisen egoera oso ahuldu da Jon Anzaren gorpua hamaika hilabetez Purpan erietxeko morgue batean atxiki dutela ezagutu denetik. Martxoaren 11ean, arratseko 18.45etan zabaldu zen berria eta biharamunean Anne Kayanakisek lehen agerraldia burutu zuen aurkikuntza horren nondik-norakoak azaltzeko.
Izan ere, prokuradoreak emandako azalpenak nehor gutxi bete zuen, eta hurrengo egunetan berak emandako bertsioak zituen hutsuneak azpimarratu zituzten komunikabide gehienek.
Bigarren agerraldi batean, joan den astelehenean, beste jitea agertu zuen prokuradoreak. Goizean tentsio uneak pairatu behar izan zituzten Anzari egin zioten autopsian familiaren konfiantzazko medikua izateko eskubidea aldarrikatzera Toulousera joan ziren lagunek. Arratsaldean, prokuradorek autopsiaren emaitza emateaz gain, lehen aldiz kasua uzteko keinua egin zuen. Ondorengo ordutan zabaldu zen berriak -Purpan-eko zuzendariak hiru aldiz seinalatu zuela erietxean identifikatu gabeko pertsona bat zegoela baieztatu zuen- oso egoera zailean utzi zuen Kayanakis, honek zeharka bada ere erietxearen axolagabekeriari leporatu ziolako hamar hilabetez Jon Anzaren gorpua ez identifikatzearen errua.
Atzo, azkenik, Anza kasua utzi du prokuradoreak eta aitzina begira Toulouseko epaileak aginduko du Anzaren heriotza argitzea xede duen ikerketa.
Prokuradorea izendapen politikoa da, jujea, ordea, ez du Justizia Ministaritzak hautatzen, hots independenteagoa da. Dozierra epailearen esku izanki, familiak informazio zehatzagoa behar luke izan auziari buruz.





