Kazeta.infok 100.000 bisita goiti jaso ditu bere lehen urtemugan

Argitaratua: 2009-10-01 12:01:47

Euskal blogosferak bereko atala du kazeta.infon. Gorka RUBIO argazkia.

Kazeta.info bere lehen urtemugara heldu da. Iparla Komunikazioa elkartearen eskutik eta komunikabide ezberdinetan jarduten duten hamarnaka kazetarien laguntzaz Ipar Euskal Herriko kazeta elektroniko euskaldunak sarea hartu zuen 2008ko irailaren 30an. Hastapenenetik harrera ezin beroagoa eskeini dauku euskal komunitateak. Horren adierazle onena lehen urtemugaren bilana: lehen 12 hilabete hauetan 101 154 bisita ukan ditugu. Zuen leialtasuna eskertzearekin batera, Ipar Euskal Herrian teknologia berriak baliatuz euskarazko informazioa zabaltzeko engaimendua berretsi nahi dugu gaurkoan.

Maite UBIRIA / Gaxuxa ARRANBIDE
Kazeta.infok bere lehen urtebetetzea ospatzen du. 2008ko buruilaren 30an abiatu zen egunkari elektronikoa. Orduan azaldu genuen bezala, Iparraldeko bernealdean sustraitzen da kazeta, eta handik begiratzen dio Euskal Herriko lurralde guzietara baita mundura ere. Euskal komunikabideen esparrua zabaltzera etorri da kazeta. Era berean, komunikazioaren lanabesberriak eskeini nahi dio Iparraldeko jendarteari.

Lehen urtemuga honen karietara, gurekin bat egin duzuen guziori zuen atxikimendua eskertu nahi dizuegu.

Gero eta gehiago zarete, besteak beste, kazeta.infok zabaldu due leihora hurbiltzen zaretenok gure herri eta eskualdetan gertatzen diren berriak ezagutzerat. Bestalde, hamarnaka kazetarik eta iritzi-emaleek emandako sosteguari esker burutu dugula ibilbide hau nabarmendu nahi dugu. Guziei zuen adiskidetasunagatik eskerrak eman nahi dizkizuegu. Bereziki, komunikabide ezberdinetan jarduten duzuen kazetari, esatari, animatzaile edo kronikari guzier gure esker beroena jaso ezazue.

Oso gaztea da kazeta, are gehiago gure lurraldean euskarak komunikabideetan arnasa har dezan lan frango egin duten beste hedabideek egin duten zeharkaldi luze eta oparoa aitzat harturik. Horra hor "Herria" aldizkariak eta euskal irratiek eskeintzen diguten esperientzia eredugarria.

Izan ere, apaltasunez, azken 12 hilabete hauetan Ipar Euskal Herriko taupada internetek osatzen duen amarauan jasotzen ahalegindu gira, Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko herrietan gertatzen direnak irakurleei, beren ama hizkuntza, euskaraz, eskeiniz.

Euskal irakurleek gehiago merezi dutela jakinik dagoeneko gure eskeintza zabaltzeko lanean gira. Buruilaz geroztik abots gehiago present izanen dira zutabegileei egokitutako atalean eta ondorengo hilebeteetan leiho berriak zabalduko ditugu, teknologia berrien hedapena eta euskararen zabalkundea oinarritzat harturik.

Bien bitartean, hona hemen azken hilabete hauek utzi diguten bilana. 2008ko buruilaren 29tik eta 2009ko buruilaren 29a bitartean eginiko neurketaren emaitzak dituzue xifra hauek:

- 101. 154 ukan ditugu aipaturiko denboran. Horietatik 28. 278 bisitari bakarrak izan direlarik.

- Euskal Herria gure lan eremu izanki, Adur eta Ebro artean zabaltzen den lurraldetatik heldu zaizkigu bisitari gehienak. Interneteko erabilpenak estatuen arabera neurtzen direnez, hona hemen «parametro ofizial» horiek islatzen duten errealitatea: 12 hilabeten bueltan Estatu frantsesetik 59. 797 bisita jaso ditu kazeta.infok, Estatu espainarretik, aldiz, 39. 507 lagun hurbildu dira guregana. Orotarat, 236. 433 orrialde begiztatuak izan dira epe honetan.

- Zaila bada ere, tokiko eremua miatu ezgero hainbat ondorio atera daitezke: Baiona eta Paue artean zabaltze den esparruan bizi dira kazeta.inforen erabiltzaile gehienak. Alta, Parise eta Bordelen bizi diren euskaldunak gi-goian agertzen dira ranking honetan.

- Teknologia berriei esker "euskara burua eta ibili munduan" esaera zaharra egi bilakatzea errexago eginen zaigu. Horregatik, kazeta.inforen lagunek osatzen duten mapa anitza dela oso erran behar dugu. Espreski, Euskal Herriaz gain munduko 79 herrialde ezberdinetatik bisitak jaso ditugu. Begira dezagun zeintzu diren zerrendako lehen postuetan agertzen zaizkigun herrialdeak: 1.- Estatu frantsesa (EHko bisitarien datuak bertan zenbatzen dituzte ); 2. Estatu espainiarra (EHko bisitarien datuak bertan zenbatzen dituzte ); 3.- Ameriketako Estatu Batuak (AEB); 4. Belgika; 5. Britain Handia; 6.- Mexiko; 7.- Alemania; 8. Argentina; 9.- Italia; 10.- Portugal.

Xifretan ez gira luzatuko. Finean, lerro hauen xedea ez baita gure burua loratzea (zonbat petto ez dugu egin ! ), baizik eta gure irakurle eta laguntzaile aitzinean, lehen egunean bezala, komunikazio tresna anitza eta zabala eraikitzeko gure engaiamendua agertzea. Urrats anitz ditugu emateko, baina bidean gira.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

icon

Sébastien

2009-10-01

Zorionak eta milesker egiten duzuen lanagatik eta euskara zabaltzen laguntzeagatik.

icon

Filiber

2009-10-01

Biba ziek !

icon

haitz

2009-10-01

ZORIONAK !! Aupa zuek !!

Komentarioa idatzi