Kittof Prud'homme: "Heleta toki egokia da festibala errezibitzeko"

Argitaratua: 2009-07-03 12:15:38

Euskal Herria Zuzenean festibala hastear zelarik, azken prestaketak burutzen zituztelarik, Traboules elkarteko sortzaileetariko bat den Kittof Prud'hommekin bildu da KAZETA.INFO. Euskal Herriko festibala Heletan antolatzeari zer nolako begirada eskaintzen dion aipatu digu.

Gaxuxa ARRANBIDE / DONIBANE GARAZI


Euskal Herria Zuzenean festibala ezagutzen duzue... Heletara etortzeko zela jakiterakoan nola hartu zinuten berria?


Gu aski kontent ginen festibala Heletara etorri zelarik jakitera herritarrek, komertsantek, elkarteek edota hautetsiek zer pentsatzen zuten festibala Heletara etortzen balitz. Traboules elkartea aspaldi ari gira hemen, Heletan, maila kulturalean ekimenak antolatzen.

Gure berezitasunetariko bat da eskualdean guti ikusten diren artisteri ateak zabaltzen dizkiogula, beraz aski kontent ginen berria entzutean, festibala hitzordu kultural garrantzitsua delako. Gainera, festibalaren beharrak ezagutuz, Heleta toki egokia da festibalaren errezibitzeko eta ipar Euskal Herri erdian kokatzen da.

Herrian kultura gehiago txertatzen eta errotzen lagun dezakeela uste duzu?


Heletak badu historia kultural bat, aski ezaguna dena gainera. Gure ustez, kultura medio bat izan daiteke gure gizartean jendeen biltzeko. Kulturak giro berezia pizten du, hau da anaitasuna, trukaketa, sentimenduen idekitasuna bezalako uneak sortzen ditu kulturak. Beraz, Heleta kulturaz bizitzeko gaitasuna duen herri bat izatea gustatuko litzaidake.

Justuki zer ekartzen du festibalak herriari eta herritarrei?

Biltzar publiko guzietan parte hartu dugu eta herritar ikuspundu batetik festibalaren proiektua aztertu dugu. Iduritzen zaigu Heletaren irudia zabalduko dela eta festibalak indar ekonomiko bat ekarriko duela bereziki herriko komertsante guziei. Gaur egunko kontestuan ez da gutti, herria bizitzen laguntzen du egunerokotasunean. Zentzu horretan, festibalak esperantza ekartzen du herriari.

Festibalak herriari ekarriko diona aipatu eta, zuek zer ekarriko diozue festibalari edota festibalzaleei?


Batetik, festibalari laguntza teknikoa eskaini diogu, bere behar teknikoak estaltzeko gaitasuna dugulako herrian. Bakoitzak ahal duena egin du. Gu, elkarte gisa, festibala hasi aitzin duten materiala estokatzeko lokala utzi diegu eta herri zentroan ezenatoki bat plantatzeko lekua utzi diegu. Bestalde, biltar publikoetan parte hartu dugu antolaketa eta kudeaketa ahalik eta hobekien pasa zedin eta beren proiektua aitzina eramana izan zedin laguntzeko.

Bestetik, Festibalzaleei edaria, janaria eta kanpoan "bustizaile" bat prestatu diegu. 30 lagun egonen gira lanean hiru egunez dena ongi pasa dadin eta festibalzaleek besta giro onean iragan dezaten umorea ekartzen.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi