Kontseilu Nagusiak 750 milioi euroko buxeta aurreikusten du 2012rako

Argitaratua: 2012-02-02 10:50:59

Ezkerretik hasiz Philippe Garcia , Georges Labazée eta Kotte Ecenarro. Gaizka IROZ argazkia.

Departamenduko Kontseilu Nagusiko Georges Labazée ( PS ) lehendakariak, finantzen arduraduna Philippe Garcia ( PS ) lehendakari ordeak eta elkartasunan politikoen kudeaketa daraman Kotte Ecenarro ( PS ) lehendakari ordeak 2012ko aurreikusirik den buxeta aurkeztu dute. Otsailaren 2 eta 3ko jardunaldietan buxetaren orientazioak jorratuko dira eta martxoaren 23an bozkatuko da. Bi datu garrantzitsu nabarmendu dituzte: zergak ez dituztela emendatuko eta gizarte gastuari eutsiko diotela. Bestalde, Tours-Bordele AHTren zatiarentzat diru-aurreikuspenak igo egin dituzte. "Iaz hitzartutako 79 miliotik, aurten 16 milioi euro ematekotan ginen baina, badaezpada ere, beste 5 milioi gehitu ditugu" jakinarazi du Garciak.

Mattin PETRISSANS l BAIONA
Georges Labazéeren idurikotz "buxeta aski baikorra da Pirinio Atlantikoen maila duen beste departamendu batena baino %25/30ez goragoa bait da". Iazko buxetarekin alderatuta %5,5ko emendaketa izanen da aurten aurrekontuetan.

Kontseilu Nagusiak hiru ardatz nagusitan inbestituko du. Nagusiena gastu soziala da 310 milioi eurorekin, ondoren badira azpiegiturak 183 milioi eurorekin eta bestea, hezkuntza  eta kolegioa dira 60 milioi eurorekin. Orotara 73 ekintza burutuko dira. Hezkuntzaren mailan egiten den garrantzitsuena kolegioen berriztapena liteke 30 milioi euroko diru zama batekin.

Esparru sozialari dagokionez, 266 leku sortuko dira haurtzaindegietan -25 denbora osoko lanpostu gauzatuz-, ahalmen urriko helduen zeintzeko zentroetan 122 leku sortuko dira -15 lanpostu- eta zahar etxeetan medikuntza eta zaintzari loturiko 50 lanpostu gehituko dira.

"2011an, zahar etxeetan 50 lanpostuen gehitzeko eraman ginuen operazioa errepikatuko dugu aurten. Salbu iazko lanpostu sortzeak ez zirela medikuntzakoak eta eskaeraren gehiengoa arlo hunetakoa dela. Aurten Baiona eta Paueko ospitaleen partaidetzarekin medikuntzako langileak enplegatuko ditugu" zehaztu du Labazéek.

"Iaz baino 12 milioi euro gehiago atxiki ditugu elkartasunarentzat edo krixiaren aurkako ezkutu baten ukaiteko. Haietariko 5 milioi euro ahalmen urriko pertsonentzat doaz, 3 milioi adineko pertsonentzat, 2 milioi familia eta gazteentzat eta azken 2 milioiak kohesio soziala bermatzek programetara" gaineratu du, bestalde, Kotte Ecenarrok.

Etxebizitza sustatu
Etxebizitza sozialen eraikitzea edo berriztapenaren diruztatzea, etxebizitzaren jabetza ahalbidetzeko laguntzak eta etxebizitza, lurra eta urbanismoko aktoreen sostengua bideratzea izanen dira arlo horretan Departamenduak aurreikuste dituen ekintza nagusiak. Orotara kasik 10 milioi euro aurreikusirik dira.

Inguramena, laborantxa, kultura, kirola edo garapen ekonomikoaren sailetan eginkizun ugari burutuko dituztela nabarmendu dute PSko ordezkariek. Kontseilu Nagusiak departamenduan gaindi haien lanaren bitarteakoak izanen diren sei "departamenduko etxe" eraikiko ditu.

Baita ere, AHT proiektuari dagokionez, Labazéek plazaratu du Bordele-Tours ibilbidearentzat 2012an 5 milioi euro gehituko direla jadanik aurreikisiak ziren 16 milioi euroei. Jakin behar da ibilbide hunendako Paueko Kontseilu Nagusiak iaz bozkatu buxeta orokorra 79 milioi eurokoa dela.

Treinen arloan egonez, orain duela zonbeit urtetatik Veolia enpresa pribatuak zuen Larrun mendiko trein ttipiaren kudeaketa berritz botere publikoen eskutara itzuliko da.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi