Krisia espero baino gutxiago sumatu bada ere, zuhurtziaz begiratzen dio Baionako Merkatal eta Industria Ganbarak hasi berri den urteari
Baionako Merkatal eta Industria Ganbarak (MIG) joan den urteko bilana eta urte berri honetan aurreikusten diren joerak aztertu ditu, gaur goizean, Baionan eginiko agerraldian. 2009a ez dela espero bezain urte txarra izan eta, oro har, Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdin egoera ekonomikoa «aski iraunkorra» izan dela nabarmendu du Jean-Marie Bercmans-ek. Izan ere, kontsumoa apaltzeko arriskua eta kreditua lortzeko arazoak aipatuz, 2010. urteari begira «kezkak badirela» onartu du MIG-eko (CCI, frantsesez) lehendakariak.
Maite UBIRIA | BAIONA
Baionako Merkatal eta Industri Ganbarak iazko bilana egitearekin batera urte berriak erakusten duen joera aztertu du sartze ekonomikoaren mintzaldian. Lehenik eta behin, Ganberak ematen dituen datuak partzialak direla azaldu behar da. Hau da MIG-eko kideek emandako datuen arabera osatzen ditu Jean-Marie Bercmans jauna buru duen erakundeak aldiro plazaratzen dituen txostenak.
Hiru lurraldetako 401 lantegiek Ganberari eskeinitako datuak izan dira gaur aurkeztutako txostenaren oinarria. Enpresaburuek emandako erantzunak aztertuta, «iazko urtea espero baino hobeagoa izan zela» ondorioztatu du Baionako Ganbarak. Frantzia eta inguruko eskualdekin aldentuta, «egorkotasuna» izan da nagusi Ipar Euskal Herrian. Berez, krisia sumatu da, baina ez du hainbeste kalterik egin.
Arlo guziak aintzat hartuta ( Komertzioa, Industria eta Zerbitzuak ) iaz 1162 entrepresa berri sortu ziren Iparraldean (585 desagertu ziren). Xifra horiek arabera, aitzineko bi urteekin baino aktibitate apalagoa izan da iaz hiru euskal lurraldetan. 2007an 1445 enpresa berri sortu ziren eta 2008an 1356 ).
Iparraldetik kanpo etorritako 9 enpresa berri zabaldu zituzten bere ateak iaz. 2008an sektore berrietara loturiko 12 lantegi bereganatu zituen Ipar Euskal Herriak.
Lantegi berriek 210 lanpostu sortu dituztela nabarmendu dute Ganbarako ordezkariek. Langabezi tasak, ordea, gora egin du Iparraldean. Preseski, aitzineko urtean baino 1,6 puntu. Hala eta guztiz ere Frantzian baino gutxiago hazi da langabezia Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdin.
Soldata apalagoak
Ipar Euskal Herriko jarduera ekonomikoak krisi gordinean ere erakusten duen egonkortasuna azaltzeko hiru arrazoi eman ditu Jean-Marie Bercmans-ek. «Gure ekonomikoaren motorea kontsumoari lotuta dago eta familien kontsumoak eutsi egin du; gure ekonomia anitza da eta krisiak kolpaturiko sektore bakarreko aktibitaterik ez dugu; eta, azkenik, gure enpresek zuhurtziaz eta zentzutasunez jokatu dute » azaldu du.
Alta, jakin behar da Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Xiberoko langileen soldatak apalak direla. Hartara, Frantziako langileen bataz besteko soldata gordina 2 231 eurokoa da eta Akitaniako eskualdean 1 992 eurotan kokatzen da. Ipar Euskal Herrian, ordea, 1 908 eurokoa da. Diferentzia "Ipar Euskal Herriko egitura ekonomikoarekin" lotura duela azaldu sektore MIG-eko arduradunek. Bercmans-en ustez, "balio erantsi handiko inbertsioak erakarriz soilik lortuko dugu soldaten maila igotzea".
Ekonomia produktiboaren aldeko aldarria egin du, bere aldetik, Peio Olhagaray, MIG-eko garapen ekonomikorako zuzendariak. "Ekonomia erresidentzialean murgiltzen bagira soldata sumeak izanen ditugu beti", gaineratu du.
Urte berriari nola begitzatzen diote enpresa buruek? MIG-ek eginiko inkestan oinarriturik, «%51a baikor agertzen dela» nabarmendu du Olhagaray-ek.
Konfidantza maila arloen arabera asko aldatzen da. Zerbitzuetan lan egiten dutenak baikorrenak dira (%54) baina industriagintzan jarduten dutenen artean mesfidantza handia dago (%47).
Baionako Merkatal eta Industria Ganbarako arduradunek 2010. ri begira zuhurtziaz jokatu behar dela uste dute. Bereziki hiru kezka nagusi agertu dituzte.
"Familien kontsumoaren bilakaera iazko maila atxikiko duela esatekorik ez da, eta bankuek kreditoa emateko orduan agertzen duen jarrera itxiak bereziki kezkatzen gaitu" azaldu dute.





