LAB sindikatuak gehiengoa lortu du Hendaiako Sokoa enpresan zazpi ordezkari eskuratuz

Argitaratua: 2009-10-07 11:04:28

Soldata duina aldarrikatzeko LAB sindikatuak Hendaiako Sokoa enpresan eginiko aitzineko mobilizapena. Gaizka IROZ argazkia.

Bi urte guziz bezala, Hendaiako Sokoako enpresan hauteskunde sindikalak burutu dituzte eta LAB sindikatu abertzaleak gehiengoa lortu du. Irailaren 29an eginiko bozketan langileen %59,9ak LAB sindikatuaren alde egin du eta zazpi ordezkari lortu ditu. CFDT sindikatuak, berriz, %38,1a lortu du. Bozketaren emaitzarekin pozik agertu arren, erronka nagusia langileen defentsarako lanean segitzea izanen dela azaldu dio KAZETA.INFOri LABeko ordezkaria den Heren Muruagak.

Gauxa ARRANBIDE | HENDAIA
Emaitza onak eskuratu ditu LAB sindikatuak Sokoako enpresan egin berri diren lan bozketan. Langileen %59,9ak LABeri konfientsa eman dio bere eskubideak defenditzeko nagusien aitzinean. Orotara zazpi ordezkari lortu ditu sindikatu abertzaleak, Enpresa Komiterako bozan 3 ordezkari eta Langileen Ordezkari mahainan lau ordezkari eskuratuz.

CFDT sindikatuak, berriz, 2007an %47,2rekin gehiengoa bazuen ere, aurten %38,1ekin lau ordezkari baizik ez ditu eskuratu. Bi ordezkari Enpresa Komitekoak izanen dira eta beste biak Langileen Ordezkari izanen dira.

"Emaitza onak atera ditugu eta pozten gira. Urteetan eramandako lanaren fruitua da, gure lan sindikala langileek baloratzen dutenaren seinale" baloratzen du Heren Muruaga Sokoako LABeko ordezkariak.

Soldata duina izaiteko negoziaketak
Soldata negoziazioetan, langileen eskubideen defentsan edo norbanakoen arazoak konpotzeko laguntza ematenserioski ibiltzen dela LAB azaldu du Muruagak emaitza hauen balorazioa egiterakoan.

Bestetik, urtean zehar LABen mezu ideologikoaren inguruko informazioa zabaltzearen eragina izan daitekela uste du ere. Izan ere, bi hilabetero "Laburki" aldizkariaren bidez Sokoako sekzioko informazioa eta hilabeteroko bilkuren bilduma helarazten die langileeri, LABen ikuspundutik abiatuta beti ere.

Langileen indar metaketa positibotzat hartuz, langileek LABeri emandako konfientsari bidea zabaltzeko gogoarekin agertu da LABeko ordezkaria. «Orain guri doakigu langileen alde indarra egitea eta emaitza aitzinakorrak eskuratzea» adierazten du Muruagak.

«Legeak beti nagusien alde dira, baina emaitzek legearen aldetik indartsu agertarazten gaituzte eta indar metaketa hori baliatuko dugu behar izanez gero, izan greba edo beste manera batean» gaineratzen du.

Erronkak borrokatuz
CFDT eta enpresa buruekin harreman zaila dauka LABek. Orain arte pisu guti zeukan, beraz azken emaitza hauekin gauzak aldatzeko borrokan ibiliko direla adierazi du Muruagak. «Urteko aurrekontuak direla edo beste, nagusiekin negoziazioan pisu gehiago ukanen dugu. Emaitzek tresnak eman dizkigute, baina orain borrokan segitu behar dugu» azpimarratu dauku.

Izan ere, enpresako mozkinen parte hartzeari begira desadostasunak dituzte bi sindikatuen. CFDT langileen soldataren arabera kalkulatzearen ideia defendatzen duen bitartean, LAB sindikatua langile guzien artean banatuz denentzat berdina izatea nahiko luke.

«Sistema honekin, soldata handiena dutenek dute berriro ere gehiago irabazten. Enpresa aitzina eramateko indarra denek egiten dugu, beraz denen artean berdintasunean banatu behar da» defenditzen du LABek.

Bestetik, langileen erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dutela nabarmentzen du Muruagak. «LAB sindikatua langileei buruzko gaiak Biltzar Nagusietan erabakitzearen ideia defendatu du beti, CFDT sindikatuak, ordea, nagusien esku uzten duelarik erabakitzeko poderea».


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi