Milaka eta milaka lagun bildu dira Baionan AHT berriaren kontrako borroka irabazteko nahikeria berresteko
MIlaka eta milaka lagun, 15.500 antolatzaileen esanetan, 5.300 poliziaren arabera, bildu dira, larunbat arratsean Baionan, AHT berriaren aurka antolaturiko manifestazioan. Laugatik abiatu da martxa arratseko hirurak pasatxo eta bi oren beranduago amaitu da Suprefeturatik gertu, estatu ordezkaritzaren egoitzara heltzekorik ez zegoelako, poliziaz inguraturik baitzen. 130 bat traktorek ideki dute martxa benetan ez ohiko irudia eskeiniz Lapurdiko hiriburuan. Laborarien engaiamendua txalotu du abiadura handiko trenbide berriaren kontra jarduten duten elkarteen izenean Victor Pachonek manifestazioaren bukaeran.
Maite UBIRIA / BAIONA
Joaldunak manifestazioa zabaltzen zuen banderolaren aitzinean joan dira martxa osoan zehar. Badira hamar urte Abiadura Handiko Trenbide berriaren aurka borroka abiatu zuten elkarteen ordezkariek zeramaten "AHT eta gastatzeari ez. Dagoena berritzeari bai" lema zuen pankarta. Horren gibelean lehen hiritar multzoa, eta metro batzuk atzerago azkenaldion egitasmoaren kontra azaldu diren hautetsien ordezkaritza zabala.
Lapurdiko hiri herri elkargok babestu dute Cade elkarteak eginiko deialdia eta manifestaldiaren amaieran Mixel Hiriart, Biriatuko auzapeza eta Lapurdi Hegoaldeko Herri Elkargoaren lehendakariak hitza hartu du "hautetsien iritzia ez delako entzuten" karrikara atera direla azaltzeko.
Egitasmo honen inguruan herriko agintarien ahalmena ez dela gehiago esistitzen salatu du Hiriartek. Prefetak igorritako agindu berria jaso dutela jakitera eman du herri agintariak. "Bertan kilometra eta erdiko eremu batean herriko etxeek ezin dutela erabakirik hartu iragarri digute" gaineratu du Hiriartek, badira zenbait egun hautetsiek eginiko prentsaurrean eginiko salaketa berretsiz.
Hiriartek trenbide berriari aurre egiten segitzeko prest direla erranez amaitu du bere mintzaldia. Bere ondotik hitza hartu duen Victor Pachon, Cadeko bozeramaleak, bere aldetik, "15.500 herritar gara gaur hemen borroka hau irabaztera goazela erraiteko, trenbidea ez dela pasatuko!" adierazi du.
"Beharrezko ez diren egitasmoen aurkako eguna" deitua zen abenduaren 11a honetan, eta Europa osoan egin mobilizazioak gogorazi ditu Pachonek. Izan ere, bere lehen hitzak laborarien presentzia manifestazioan goraipatzeko izan dira, berehala Hego Euskal Herrian egiten ari diren AHTren lanetan hil den bostgarren behargina izan duela gogoan.
"Diruari lehentasun osoa ematen diotenen" aitzinean, urte luzetan, hamaika bileretan, kemenaz eta pazientziaz jokatu duten AHTren aurkako hiritarrak ohoretan ezarri ditu Pachonek.
Jean Grenet Baionako auzapezaren babesa izan duten komertsante ezagun batzuk manifestazioa oztopatzeko agertu duten nahikeria salatu du. Komertsante horiek kexu agertu dira, beraien esanetan, hiri erdigunean manifestazioak egiteak kalte egiten diolako haien salmentari eguberri atarian.
Izan ere, bere mintzaldian bereziki AHT berriaren bultzatzaileen porrota azpimarratu du Pachonek. Hartara, RFF tren sozietatearen txostenek eta baita espezializatutako hedabideek ere "elkarteek hasieratik erran duguna aitortzen dute gaur: egungo trenbidea nahiko dela bidaiari eta merkantzien zama hartzeko".
"Concorde bezala, tren jostailu karioa hautsi zaie" erran du Pachonek, AHT berriak duen kostuagatik eta ondoriengatik egitasmo onargaitza dela azpimarratuz. Horregatik, gaurko trenbide berritzearen defentsan agertu ondoren, AHT egitasmoa gelditzeko borroka segituko dutela berretsi du Victor Pachonek, poliziez inguraturik zen Suprefeturaren egoitzatik metro batzuetara eginiko mintzaldian.







