Laborariek AHT linea berriaren aurkako jarrera berretsi dute Paueko Ganberako lehendakariaren aitzinean
Paueko Laborantza Ganberako lehendakaria, Jean Mixel Anxolabehere, eta teknikari bi Urruñara etorri dira gaur goizean Abiadura Handiko Trenaren karietara desmartxa administratiboak burutzera. Preseski, Biriatu eta Urruñako 50 bat laborari bilera batera deitu dituzte. Hauek, traktorez eta hamarnaka herritarren sostenguz azaldu dira herriko plazan. Etxaldeen karietara proposaturiko diagnosia egitea errefusatu ondoren, AHTaren kontra diren laborarien bilduma igorriko diote proiektuaren arduradunei. Asteazken honetan laborariek bilera atolatu dute Uztaritzen AHTren karietara bere arrangura azaltzeko.
Maite UBIRIA | URRUÑA
Goizeko bederatzietan ezarria zuten hitzordua eta bederatzitan tanko, hamarnaka herritarren sostenguz eta dozena erdi bat traktoren laguntzaz AHTaren aurkako mezuak zabaldu dituzte laborariek Urruñako plazan.
Guzien izenean, Totte Elizondok argiki azaldu du bileran defendatuko zuten jarrera: «Kalte ekonomiko eta ekologiko izugarriak dituen proiektua ez dugula onartzen eta planto egiteko prest girela gure etxaldeak, gure arbasoen lurrak eta gure bizimodua defendatzeko, erranen diegu».
Handik minuta batzutara, laborarien ordezkaritza bat Herriko Etxean sartu da. Lehenengo estaian kokaturik den kontseilu gelan zain zituzten janeko Mixel Anxolabehere, Paueko Laborantza Ganberako lehendakaria, Safer-eko ordezkaria, Sait-Jean, eta RFF tren sozietatearen teknikariak. Ordezkari ofizialak mahainaren gibelean eseri dira, baina bertzaldean nehor ez da ezarri. Zutik plantatu dira laborariak.
Bilera ez da luzea izan, eta bere mezua ezagutarazi bezain fite plazara jautsi dira berriro ere laborariak. «Iparraldeko biztanleen %90ak ez duela egitasmo hau nahi eta herritarrak eta hautetsiak bezala laborariek ez dugula onartzen gure lurra suntsitzea azaldu diegu», laburbildu dute.
Marie-Christine Elizondok gogora ekarri duenez, «autopista zabaltzeko egitasmoa horrela hasi zen, gure etxaldeen gaineko diagnostikoa eginez, ondoren desjabetzea etorri zelarik. Horregatik erran diegu ez gaudela prest amore emateko, eta ez dugula gure etxaldeen desagerpena bilatzen duen bidea segitzeko».
Laborariei eman dieten agiri horretan motxa guzietako xehetasunak eskatzen dizkiete: etxaldean zonbat langile dituzten, zonbat lur, zer laborantza mota egiten duten, zenbat buru, zer ekoizpenak eginen dituzten, ea esplotazioa amaitzeko fasean den edo segida emateko asmoa duten...
Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganberako lehendakariak defendatu duenez, egitura horri dagokio tramite hori burutzea, eta behin datu guziak eskuratuta «proiektu honi buruz gure jarrera agertzeko errexagoa da».
Izan ere, laborariek desmartxa hori errefusatzen dutela ikusita irtenbide gisa hauxe proposatu du Anxolabeherek: diagnostic agricole delakoa bete beharrean, «laborari guzien izenpedura ezarri txostenean hauek egitasmoa errefusatzen dutela ofizialki azaltzeko».
Beraien artean mintzatu eta gero, seguraski hori egiten dutela azaldu dute laborariek. Orotarat Urruñako 48 laborari eta Biriatuko 5 dira hunkituak egitasmo honengatik.
Paueko Laborantza Ganbarak eta RFFk Urruñan eman diote hasiera Abiadura Handiko Trenaren egitasmoak nozitzen dituen etxaldeen gaineko inkestari. Izan ere, datozen egun eta asteotan Lapurdiko bertze eskualdetara joanen dira desmartxa hori burutzera. Orotara 16 herritan eginen dute, iraila aldera, RFFra igorriko dioten diagnostikoa. Asteartean Uztaritze eskualdeko laborariekin izanen dute hitzordua.
( Irakurri ere: ELBk laborariak sustengatzen ditu AHT linearen kontrako borrokan )







