Laborariek esnea urririk banatu dute atzo BAB2 aitzinean, Frantzia osoan gaur izanen den protesta egunaren bezperan
ELB-ko behi esne ekoizleek deitzitako esnea (300 pinta) urririk banatu dute, astelehen goizean, Angeluko BAB2 saltegi handiaren bezeroei. Esnetegiek eta saltegi handiek laborarien bizkar egiten dituzten etekinak salatzeko eta beste politika baten beharra azpimarrratzeko burutu dute ekintza laborariek. Gaur, Frantziako estatu mailan, esne ekoizleek burutuko duten protesta egunaren bezperan egin du ELBk ekimen hori.
Gaxuxa ARRANBIDE / ANGELU
Berrogoi bat laborari elkartu dira BAB2-n beren egoera salatu eta podere publikoa sensibilizatzeko. Izan ere, aurten behi esne ekoizle baten soldata %30az tipitua izan da kontsumitzaileak esnea ber prezioan erosten duen bitartean.
"Esnetegiek esnea 0,21 eurotan litroa hartzen daukute, saltegi handiek litroa 1,10etan saltzen dutelarik" salatu du Anje Dubois, behi ekoizleak.
Gaur egun, iazko urteari konparatuz, 10 zentima pinta guttio jasaiten dute behi esne ekoizleek eta orain dela 25 urteko soldatak irabazten dituzte. Hazkuntzarako eta produzitzeko gastuak baino aise apalago den prezio hori onartezina da ELB-ko laborariendako. "Laborarien eta saltegi handien edo industrien arteko orekarik ez da" gaineratzen du behi esne ekoizle den Jenofa Mendiburuk.
Esne litroaren balioa tipitzeko arrazoina galdea %0,7-z apaldu baita dela diete saltegi handiek. "Hunen frogatzea errexa ez bada ere, esnetegiek laborariei finkatzen dieten prezio apala ez da ez zuzena ez eta orekatua jakinik kontsumitzaileek beti kasik ber prezioan erosten dutela esnea. Haiek sekulako etekinak ateratzen dituzten bitartean, guri prezio miserableetan erosten digute esnea" salatu dute laborariek.
Esnea produzitzeko gastuak baino apalagoa den litroaren prezio honek esne ekoizleen desagertzea ekarriko duela kezkatzen dira ELB-ko laborariak. "Euskal Herriko esne egileen parte handiak produkzioa utzi beharko luke urte hondarrean hola segitzen bada eta laborari gazteak ez dira instalatuko ere ez. Gure ofizioa desagertuko litzateke politikaz aldatzen ez bada" damutzen dira laborariak.
Produkzio neurtu baten alde
Gaur egungo politikaren ondorioak mahaigainean ezarri dituzte esne ekoizleek Angelun eta produkzio neurtu baten alde egiten dute. Izan ere, gaur egungo politikarekin podere publikoak gehiago pagatzen du, hazleak gutiago unkitzen duen bitartean. Aldiz, produkzioa neurtzen bada, podere publikoari merkeago aterako zaio eta hazlearen soldata igoko dela esplikatzen dute.
"Podere publikoen kudeatze txarraren ondorioa da prezioaren peko errekaratzea. Europako Estatuek erabaki dute kotak urte guziz emendatzea, 2015eko arrunt kentzeko xedez. Produkzione soberakinak prezioaren apaltzea du ondorio" azaltzen dute ELB-koek. Hala, haien iduriz, produkzionea zaintzea ezinbesteko baldintza da prezioa onargarria izan dadin bai laborariendako bai eta kontsunitzaileendako. Kota sistema atxiki eta hobetu behar dela uste dute ere gisa hartan.
Europar hauteskundeen atarian, podere publikoak bere ardura eta papera bete behar dutela konbentzituak dira. "Podere publikoak bere erresponsabilitatea badu eta janari kudeaketan parte hartu behar du, ekoizpen heinak herriko kontsumoaren galdeari ihardets dezan" azaltzen diete BAB2-ko bezeroei.
"Burutzen dugun lana ordaindua izatea gutienekoa da. Galtzeetan saltzea debekatzen duen legea zergaitik ez da esne egileei ere aplikatzen? Estatuaren laguntzarekin, prezio minimoa inposatu behar da esnetegiei" aldarrikatzen du Anje Dubois behi hazleak.
"Hiltzeko zorian gira gaur egun, beraz nahiago dugu esnea urririk banatu ez eta orain arte bezala saltegi handiek eta industriek gure bizkar egiten dituzten etekinak osatzen utzi" azaldu du Mendiburuk, Senpereko behi hazleak.
Prefetura aitzinean
Bestalde, esnearen prezio dela-eta protesta berria eginen dute gaur, Frantziako estatuak, esne ekoizlek. Hexagonoanl, orotarat, 88 000 esplotazio dira, eta abeltzainek pairatzen duten egoera latza agerian uzteko esne Ekoizleen Federazioak protesta anitz antolatu dituzte gaurko, gehienetan prefetura eta suprefeturen aitzinean.
Pirinio Atlantikoetako prefetura aitzinean, Pauen, elgarretaratzea egin dute gaur laborariek.





