Langileekin eta mediku liberalekin elkarlanean aritzea du xede Baionako erietxeko zuzendari berriak
Michel Glanes Baionako ospitaleko zuzendari berria da otsailaren hastapenetik. Aurretik Agen eta Hendaiako Marin ospitaletan zuzendari lanetan aritu zen besteak beste. Ipar Euskal Herriko osasun zentro nagusia kudetzeko mementuan langileekin eta mediku liberalekin elkarlanean aritzea du xede. Elkarlana Bidasoaren bestaldeko zentroekin ere garatuko da larrialdi kasuetarako. Bidasoako ospitalea eta Donostiako erietxea hunkituko lituzke elkarlan hitzarmenaren sinadura aste batzuen buruan eginen dela erran du Glanesek.
Idoia ERASO / BAIONA
Elkarlana bultzatzeko medikuekin eta beste zentroekin aritzeko asmo argia ere agertu du zuzendari berriak. Bestalde zentroan egiten ari diren hobekuntza lanei buruz mintzatu da. 2013an bukatu da berregituraketa eta horretarako 240 milioi euro beharko dira. Orain arte egin diren lanetan 180 000 euro erabili dira.
Urteetan zehar ahalak beharrak baino txikiagoak zituen psikiatria sailean hobekuntza nabarmenak emango direla eta jakinarazi du zuzendari berriak. Orokorrean ospitalean egingo diren hobekuntzetaz gain psikiatria sailak ia milioi eta erdiko diru-laguntza jaso du. Horrela urteetan gizartearen salaketak jaso dituen sail honen hobekuntza emango dela azpimarratu du.
Hiru helburu argi
Glanesek bere aurkezpenean hiru xede nagusi dituela azaldu du. Alde batetik ospitalean egiten ari diren lanak kudeatzea. Hobekuntza lanak osasun zerbitzuak ematen segitzen den bitartean egiten direnez sailen egokitzapenak egitea zaila dela nabarmendu du.
Bigarrenik zerbitzuen kalitatea bermatu nahi du. Horrekin Bordele edo Tolosara joaten diren pazienteek behar hori ikustea eta Euskal Herrian gelditzea bilatzen du. Xede hori bermantu nahian sektore pribatuarekin elkarlanean arituko dela adierazi zuen. Ospitalak kudeatzen duen lurralde osoan eskeintza bermatu nahi du.
Bestalde lan konplementarioa ere garatuko du, horrela Donostiako ospitalarekin egingo den kolaborazioaz gain Paue, Mont de Marsan eta Daxeko ospitalekin kolaboratu nahi du.
Elkarrizketa eta lotura sozialak garatzea du hirugarren xedea Michel Glanesek. «Zerbitzuen kalitatearen oinarria pozik dauden langileak direla» erran du zuzendariak. Mediku liberalekin elkarlanean aritzea oso garrantzitsua dela ere aipatu du.
Larrialdiak
Larrialdietako saturazioaren etengabeko arazoa konpontzeko mediku liberalen sarea hobetzen ari dira ospitaletik. Zuzendari languntzaileak esaterako Hendaian utzia zegoen larrialdietako txandaketen mediku sarea berriz abian jarri dela oroitarazi du.
Oraindik egoera zenbait mementutan limitean egoten bada ere hobekuntza nabarmenak ematen ari direla azaldu dute ospitaletik. «Osasun eremu bakoitzak bere lanaren partea egitea beharrezkoa da larrialdiak etengabe handitu behar ez izateko» erran du Glanesek.
Baionako ospitalean etengabe izaten den beste arazo bat aparkaleku eskasia izaten da, osasun zentroaren sarreran diren plazak goizeetan beti gutxiegi izaten dira. Herriko Etxearekin nabeten zerbitzua hobetzeko lanetan ari direla azaldu dute zuzendaritzako langileek.





