Larreetan sasiei su ematea debekatua da iganderarte
Prefeturak gaurko gauerdirarte sasiak erretzeko ezarria zuen debekua luzatu egin du, beraz martxoaren 21erarte, iganderarte, ezin izanen dira zorroak sutan eman. Hego haize azkarrak eta lurra idorra izateak ekartzen du debekua. Atzo ianeko ezin bazen sua eman ere Mondarraine eta Baigura aldean larreak sutan ikusi ahal izan dira azken orduetan.
Pirineo-Atlantikoetako prefeturak martxoaren 21eko gauerdiak arte landareei sua ematea debekatzen du departamentuko lurralde osoan. Lurrak aski idorrak direla azaldu dute prefekturatik, negu honetan izan diren izozteek landareak oso lehorrak eta bereziki suharkorrak bilakatu ditu.
Haizearen indarrak debekua luzatzea ekarri du. Izan ere gaur izaten ari den hego eta hego-mendebaldeko haize bortitzak egoera arriskutsuagoa bilakatzen du. 65 eta 80 km/o-ko abiadura hartzen ari da haizeak zenbait mementutan eta biharko egunean zehar horrela segitzen ahal duela adierazten dute aurrikuspenek. Azken hauek heldu den orduetan erraten dutenaren arabera debekua luzatzen ahalko da.
Debekua errespetatu
Atzo arratsaldean zabaldu zuen prefeturak sasiei su ematearen debekua. Hala ere atzotik gaur goizerarte Mondarraine eta Baigurako aldeetan suak ikusi dira zorroetan. Ponpierek egoera hauetan sua ematea oso lanjerosa dela oroitarazi nahi dute, istripu larriak gertatzeko aukera handiak direlarik. Aldi berean sua emateko arauak oso zorrotzak direla eta errespetatu behar direla azaldu dute.




