"Libération" egunkariak sinesgarritasun handia ematen dio Jon Anzaren desagerketa «espainiar Poliziaren hutsegitearen ondorioa izan zela esaten duen tesiari»
"Libération" egunkariak erreportaia luzea argitaratu du, iragan asteburuan, Jon Anzaren aferari buruz. Alde batetik, euskal militantea desagertu zenetik argitaratu den informazioa bildu du Karl Laske kazetariak. Bestetik, Jacques Massey, "ETA, l'histoire d'une guerre de cent ans" liburuaren egilearen lekukotasuna jaso du. Anzaren desagerketa "Espainiako Poliziak egindako hutsegite baten ondorioa izan zela sostengatzen duen tesiak "gero eta indar gehiago hartzen duela" nabarmendu du Pariseko kazetak.
Maite UBIRIA / BAIONA
Heldu den apirilaren 18an Jon Anzaren desagerketaren lehen urtemuga beteko da. Urteurrena horren atarian, "Libération" kazetak bi orrialdeko erreportaia eskeini dio, bere asteburuko edizioan, afera ilun horri. Karl Laske kazetariak azken 10 hilabetetan hainbat hedabideetan zabaldu den informazioaren bilduma egin du. Maixo, Anzaren neska-lagunak, alde batetik, eta Anne Kayannakis, Baionako prokuradoreak, bestetik, desagerpenari buruz eman dituzten azalpenak jaso ditu kazetariak.
"Gara" eta "Le Monde" egunkariek jorratutako bidetik igaro arren, xehetasun berri batzuk eskeintzen ditu "Libération"ek. Lasken ustez, Poliziak bazekien Anza ETA kidea zela erakunde armatuak horrela aitortu aitzin. 2009ko maiatzaren 18an plazaratu agirian hauxe azaldu zuen ETAk: Jon Anza desargetu baino 5 hilabete lehenago Poliziak zulo bat atzeman zuela Senperen eta bertan iheslariaren hatz-markak agertu zirela. Frantziako Poliziak "harriduraz" hartu zuela informazio hori azaldu du geroztik.
Kazetariak, alta, "oso bitxia" atzematen du Frantziako Poliziak zuloa aurkitu eta Espainiako Poliziarekin batera frogen azterketa burutu ez izana. ETAren jardueari buruz aztarna txikiena aurkituta ere, horrela egiten omen dutelako.
Anza Senperetik hurbil bizi zela gogora ekarriz "ezin da baztertu espainiar poliziek beraiek aurkikuntza egin eta berehala bere gain hartzea militantearen jarraipena" idatzi du kazetariak.
Frantziako Gobernuaren ardura zehazki aipatzen ez badu ere, Anne Kayanakis prokuradoreak auzia epaile baten esku ez duela utzi nahi nabarmentzen du Laskek. "Liberation"-en ustez, "bistan da gobernuak (kantzileria aipatzen du zehazki kazetariak) afera bere kontrolpean atxikitzea nahiago duela".
Frantziar lurraldean, askatasun osoz
Jacques Massey-ek, bestalde, espainiar poliziek askatasun osoz jarduten dutela estatu frantsesean baieztatu du "Liberation" egunkariari emandako elkarrizketan. Hala, ETAk 2007ko abenduan Capbretonen (Landak) hil zituen bi guardia zibilek "bere kabuz jarduten zutela" azaldu du kazetariak. Frantziako Poliziaren hainbat zerbitzuetan parte hartzeaz gain, "dirudienez, espainiarrek ezkutuko etxeak eta guzti erabiltzen dituzte".
Capbreton-eko atentatuaren ondorioz, "polizi horiek armak eraman ditzatekela" gogoratuz, beraiek eginiko lanarik gabe "frantziar Poliziak ez lituztela hainbeste atxiloketa burutuko" azaldu du kazetariak.
Espainiar poliziak burutu zuela Anzaren desagerketa zalantzarik ez dauka kazetariak. Bestalde, operazio horren xede "entzuketa administratiboak" badirela berretsi du. Azkenik, Donostiako preso ohia desagertu zen denboran beste bahiketa eta legez kanpoko itaunketa saioak gertatu zirela aipatzen du "Libération"ek.





