Mermaz PSko senadoreak eta Lassalle diputatu zentristak Lorentxa Guimonen egoera dela-eta bere kezka adieraziko diote Alliot-Marie ministroari
Lorentxa Guimon euskal preso politikoak 39 egun daramatza gose greban dagoeneko. Larunbat goizean bere senideek azaldu zutenez, 12,5 kilo galdu ditu, edateko gero eta zailtasun gehiago baditu eta arrunt ahuldua bada ere "borroka bururaino eramateko prest segitzen
du". Louis Mermaz PSko senadoreak eta Jean Lassalle diputatu zentristak preso angeluarraren egoera kari bere kezka helarazi diote jadanik Michele Alliot-Marie Justizia ministroari.
Hastepanean presondegiko zuzendaritzak gose grebaren 30garren egunean Guimon ospitalera
eramango zutela iragarri bazuen ere, oraingoan "presoak ezin duenean xutik atxiki" gogaituko dutela jakinarazi du.
Askatasunak salatu duenez, euskal presoa ahuleziak jota egon arren, "funtzionarioek jazarpenarekin
segitzen dute". Hala, joan den astean "nehoiz ez bezalako miaketa sakona burutu zutela euskal presoaren ziega" jakitera eman du. Bestalde, "etxera deitzen duenean zaindariek kadira bat jartzea debekatzen diote, xutik gelditzera behartuz".
Joan den larunbatean egin zuen agerraldian, Askatasuna eta Etxeratek "egoera honen
arduradunak" nortzuk diren argiki adierazi zuten. Presoen egoera zuzenki kudeatzen duen Michele Alliot-Marie Justizia ministroari eta Roanneko presondegiko zuzendaria, Chailloux andereari, egotzi dizkietelarik.
Asteburu honetan, Ziburun, Baionan eta Hendaian Lorentxa Guimonen aldeko sustengu ekintzak burutzen ziren bitartean, ordezkari politiko batzuk egoera salatu dute. Hala nola, Louis Mermaz, Isere departamenduko senadore sozialista, zeinak larunbatean bertan Justizia Ministeritza deitzen saiatu zen, Alliot-Marie-ri idazteko engaiamendua hartu zuen. Ildo berean, Jean Lassalle, Pirinio Atlantikoetako diputatu zentristak ministroari idatziko diola jakinarazi dio Askatasunari.
Elkarte honek "alderdi, hautetsiei eta eragile sozial eta politikoei guzier" berriz deia egin die Justizia ministroa eta haren gobernua interpelatzen segitu dezaten. Izan ere, "bai Lorentxak pairatzen duen egoera larria, bai eta euskal preso politikoei aplikatzen zaien espetxe politikak (urrunketa,
sakabanaketa, isolamendua, eskubide guzien urraketa, bizi arteko zigorrak...), Lorentxarena bezalako muturreko erabakiak hartzea baino ezin baitu ekarri".




