Anzaren desagerpena kari ETAk plazaratu duen informazioa «asmakeria» dela erantzun du Espainiako Barne ministroak
Anzaren desagerpena salatzeko Askatasunak eta familiak emandako prentsaurrea. Nicolas MOLLO argazkia.
Espainiako Barne ministroak, Alfredo Perez Rubalcabak, gezurtatu egin du ETA erakundeak Jon Anza iheslari politikoari buruz bart zabaldu zuen informazioa. Gara.net-en plazaratutako ohar batean Jon Anzaren desagerpena Frantzia eta Espainiako gobernuen ardura dela adierazi du erakunde armatuak. Ahetzen bizi den Donostiako preso ohia apirilaren 18an Tolosarat (Okzitania) abiatu zela trenez baina erakunde armatuarekin zuen hitzordura ez ez zela inoiz arribatu zehaztu du ETAk.
Gara.net-ek bart argitara eman zuen ohar batean ETAk azaldu duenez, Jon Anza erakundeko militantea zen eta duela hilabete batzuetatik Poliziak horren jakinean bazen. «2009ko hastapen horretan Jonek mendi zulo batean zuen Erakundearen material informatikoa aurkitu zuen Poliziak, bere hatz markekin. Ez zuen poliziaren salaketarik jaso. Poliziak gertaera hau ezkutatu zuen baina honen ondorioz ETArekin harremana zuela ezagutu zuen».
Apirilaren 18an Anzak hitzordua egina zuela Okzitaniako hiriburuan azaldu du ETAk, baina hau ez zela agertu baieztatu du. «Jonek soinean Erakundearentzat zen diru kopuru bat zekarren. Bere neska lagunak tren barruraino lagundu zuen. Beraz, trena hartu zuela zalantzarik gabe baieztatu daiteke. Bere neska laguna izan da Jon ikusi zuen azken konfiantzazko laguna», dio ETAk.
Horrek «Pertur, Naparra eta Popo Larreren desagerpenetara eramaten gaitu ezinbestean», esan du erakunde armatuak.
«Hilabetez desagertuta eman ondoren Jon bizirik dagoen esperantza urtzen da. Arestiko aurrekariak eta datuak kontuan hartuta Jonen desagerpenaren atzean, GALen garaietan bezalaxe, Espainiako poliziak eta Frantziako kolaborazionismoa daudela zalantzarik ez dugu».
ETAk emandako informazio hori «asmakeria hutsa» dela esan du, goiz huntan Madrilgo Deputatuen ganbaran, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak.
(Irakur ere: Jon Anza aurkitzeko brigadak eginen dituzte heldu den asteburuan)
Komentarioak
non dago Jon? Zer egin duzue Jonekin?
2009-05-20
PSOE-GAL-ek bahitu du Jon. AB-Aralarrek harreman guztiak apurtu behar ditu PSOE-GALekin (Donostiako Udalean)
Jon
2009-05-20
Pertsona baten biziaz ari gara hemen. Otoi utzi kontsiderazio politikoak beste momentu baterako, orain ez da momentua.


- 

