Meaux-ek bere misioa AHT proiektua lurraldean «egokitzea» dela argitu du
Marie-Line Meaux Estatuak AHT linea berriaren proiektua garatzeko aste honetan izendatu duen bitartekariak bere lehen bilkurak burutu zituen atzo Baionan. Maiatza bitartean, lekuko gizarte eragile guztiekin bilduko da. Suprefeturan eginiko lehen agerraldian zehaztu duenez, «nire misioa finkatuta dago: proiektua paisaian ahal bezain ongi egokitzea, lekuko hautetsi, bizilagun eta elkarteekin elkarlanean».
Ainize BUTRON | BAIONA
«Joan den astelehenean Gobernu frantsesak eta RFFk izendatu zuten, hain zuzen, Marie-Line Meaux Baiona eta Hendaia arteko AHT linea berriaren proiektua bideratzeko «bitartekari» lanaz arduratzeko.
Asteartean bere funtzioak hartu zituela, atzo burutu zituen lehenengo bilerak lekuko agintari politikoekin, hala nola: Jean Grenet Baionako auzapeza, Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta kontseilari orokorra, Lapurdiko hiru herri elkargoetako lehendakariak eta Jean-Jacques Lasserre eta Jean-Baptiste Etxeto, hurrenez hurren, Hautetsien Kontseiluko eta Garapen Kontseiluko buruak.
Ekologia, Egokitzapena eta Garapen Iraunkorreko Ministerioan Alpe eta Pirinioetako ikuskari orokorra da Meaux. Gobernu frantsesak izendatu duela-eta, bere misioa ez zela «bitartekaritza» lana egitea argitu du berehala. «Nire misioa koadro batean sartzen da. Lekuko hautetsi, elkarte eta bizilagunekin elkartu ondoren erranak entzun, ezagutu eta kontuan hartuko ditut, proiektua lurralde honen, Estatu frantsesaren eta Europaren beharrei ahal bezain ongi egokitzeko», gehitu du.
Horrenbestez, kazetariek egungo bidea berritzearen alternatiba aztertzeko asmoa zuenetz galdetu ziotelarik, bere jakinean «egitasmo bakarra» zegoela ihardetsi du teknikariak.
Atzoko bileretan gehienbat lekuko agintari politikoekin egon zen. Eta ondoko egunetan elkarteekin elkartzeko asmoa du. Michel Hiriart Hego Lapurdiko Herri Elkargoko burua bildu zen atzo Meauxekin, eta «haien erranak kontuan hartuko» dituela esan ziela adierazi zuen.
Victor Pachon CADEko buruak, bestalde, elkarte gisa bilkurara joateko asmoa daukatela erran du. Halere, Marie-Line Meauxen lana soilik proiektua paisaian nola egokitu daitekeen aztertzea izanez gero, Estatuak «pikutara bidaliko bagintu bezala da», salatu du. «Koadroa hori bezain itxia bada, zintzotasunez hurbilduko gara, besterik ez», bukatu du elkarteko ordezkariak.




