Mugaz gaindiko emakumeek enpresak sortzeko bideak sakonduko dituzte Ezpeletan

Argitaratua: 2010-03-18 13:06:11

Maiz lan-mundutik aparte dauden emakumeak beren enpresa edo enplegu propioa sortzen laguntzen ditu Andere Nahiak. Bitartekoak eta dinamikak bizkortzeko, mugaz gaindiko jardunaldiak antolatu ditu, gaur Ezpeletan, ekimen eta sare bateratuak eratzeko xedearekin.

Arantxa MANTEROLA | EZPELETA
Andere Nahia elkarteak antolatuta, gaur jardunaldi bereziak egingo dituzte, Ezpeletan, emakumeen autoenplegua eta enpresa sorreran izandako eskarmentuak trukatzeko.

Xede horri begira, Hego zein Ipar Euskal Herriko emakumeek dinamika eta sare bateratuak abian nola jarri aztertuko dute. Topaketa hauekin hainbat alderdi sakondu nahi dituzte, esaterako, enpresa independenteak sortzerakoan norbanakoei planteatzen zaizkien galdera eta zalantzei erantzuteko dinamika kolektiboa eratzea. Halaber ekonomia soziala eta solidarioa garatzeko mugaz gaindiko sareak sustatzea edota alde praktikoari helduta, emakumeen enpresa proiektuak laguntzeko tresnak (mugaz gaindiko lexikoa, jokamolde pragamatikoak...) sortzea.

Egitura txikiak
Elkartera hurbiltzen diren emakume gehienak egitura txikiak sortzen dituzte eta, maiz, langabeak dira. Andere Nahiaren esanetan, enpresa sorrerarako «zirkuito arruntetik at» daude gehienetan edo, bederen, horrela sentitzen dira.

Horiek horrela, enpresa sortzeak lan-munduan txertatzeko eta, bidebatez gizartean ere, lagungarri izan daitekeela konbentziturik daude elkartekideak. Laguntzen dituzten emakumeen lehentasuna independentzia ekonomikoa erdiestea izaki, enpresa sortu eta finkatzerainoko ibilbide guztian bidelagun izatea biziki garrantzitsua dela diote.

Horrela, hasieratik, prestakuntza profesionala eskaintzen duten erakundeekin bateratsu, Andere Nahiak hiru lehen urteetan sostengatu eta laguntzen ditu emakumeok. Finean, norberak bere enpresa sortzea ez duelako «hauskortasun soziala eta profesionala areagotuko duen faktore berria izan behar».

Andere Nahiak 200 emakume lagundu ditu enpresa-proiektuak gauzatzen. Berrogeita hamar bat kide aritzen dira beren sareak bateratzen Ipar Euskal Herrian emakumeek enpresa eta enplegu propioa sor dezaten.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi