Nafarroaren Egunaren antolatzaileek "batasunaren aldeko lehen seinalea" espero dute Baigorrin ospatuko den Aberri Eguna kari

Argitaratua: 2011-04-18 09:51:04

Aurten Nafarroaren Egunak eta Aberri Egunak bat egin dute. Bi ekimen horiek aipatzeaz gain, Kultur Astearen karietara xehetasunak emateko agerraldia egin dute Nafarroaren Eguna antolatzen du Basaizea elkarteko ordezkariek, asteazkenarekin, Baigorrin. Kultur Astea, berez, Nafarroaren Egunarekin abiatuko da aurten. Bestalde, egoera politiko orokorrak iragartzen duen "aro berria" goraipatu dute Aberri Egunari begira. Alderdien aginduetatik landa jarduten duen Independentistak sareak eginiko proposamena ontzat emanez, sentsibilitate ezberdinetako "abertzale xumeak" biltzen dituen Basaizeak honako nahikeria agertu du: batasunaren aldeko lehen seinalea hedatzea, apirilaren 24an, Baigorrin. ( Entzun Nafarroaren Egunaren kanta ).

"Abertzale xume bezala" haien burua kokatzen duten Basaizea elkarteko lagunek nabarmendu dutenez, aurten urte berezia dela Nafarroaren Egunarendako, berez, aro berria ideki delako Euskal Herrian. Usu egiten dutenez, azken urtean izandako gertakari nagusiak aztertu eta haien gogoeta zabaldu dute elkarteko kideek Baigorrin apirilaren 24an burutuko duten besta egunaren atarian.

Urteko bilana eginez, "Frantzia eta Espainiaren menpekotasunak gure herrian dituen ondorio latzak hor dira: euroaginduak, tortura, atxiloketak" nabarmendu dute. Ber maneran, estatuek "gure kulturaren itotzen saiatzen dira berena den hedatzeko" azpimarratu dute, bereziki euskarak pairatzen duen tratu ankerra salatuz.

Alta, haien kexa ez dela aldebakarrekoa argiki adierazi dute Basaizeakoek. Hala, alderdi abertzaleak ezin elkartuz eta "abertzale arruntak pasibitate batean sartuta" ikusten ditu Baigorriko elkarteak.

Izan ere, "aurten urte berezia dela, egoera politiko berri batean gaudelako eta Nafarroaren Eguna eta Aberri Eguna batera ospatuko ditugulako" azpimarratu dute. Are, Baigorriko ekitaldia "batasunaren aldeko lehen seinalea izanen dela" espero du Basaizeak. Ondoko egun eta hilabeteetan eman beharko diren urrats-en aldeko lehen seinale, alegia.

Alderdiei gonbidapen berezia
Ondoren, Independentistak sarearekin egin duten lotura azaldu dute. Alderdien logikatik haratago, sare horrek alderdi ezberdinetako abertzaleak hartuz "neutralitatea atxikitzen duela" nabarmendu dute. Gaineratu dutenez, "hori da haien espiritua eta gurea ere, gure taldea berean beste gisan pentsatzen duen jendea bada, autonomia bat edo euroerregioa eskatzen dituztenak, eta ideia guzti hoiek errespetatzen eta onartzen segituko du aurten ere Nafarroaren Egunak".

Hala ere, urte berezi honetan eta aipatu aro berria sustatzeko nahian ez ohiko gomita luzatu diete alderdietako ordezkariei. Alderdi abertzale guztietako ordezkariak bildu nahi dituzte-eta elkartasun giroan apirilaren 24an, oren batean, antolatua den Aberri Egunaren ekitaldi nagusian. Gernikan ere indepentzia aldarikatzeko ospakizuna egingo dutenez, bi herrien arteko konexioa eginen dute.

Pazko eguna denez, aldaketa batzuk Nafarroaren Egunan
Aurten Pazko Igandearekin batera ospatuko da Nafarroaren Eguna eta horrek moldaketa batzuk egitera behartu ditu antolatzaileak. Hala, kabalkada 11.00etan abiatuko da geltokitik plazara. Ohikoa denez, Baigorri, Burlata eta Amikuzeko zikanteekin batera, Nafarroaren eskualde ezberdinetako etorritako dantzari eta musikariak arituko dira. Han izanen dira Garaztarrak, Otsagiko dantzariak, joakdunak, Nafarroako gaiteroak, uztaritzeko txaranga, txistularia eta trikitilariak.

13.00etan Aberri Egunaren ekitaldia nagusia izanen da Gaztain Errekan eta arratsaldean Xokoan zein plaza nagusian ere kontzertuak izanen dira. Joxpa, Txamp's, Itziarren semeak eta Laket iragarri dituzte lehen eremuan eta Joseba Tapia eta Conjunt Badabadoc plazan.

Ezin ahantzi, bistan dena, urtero-urtero Nafarroaren Eguna kari ikastolek prestatzen duten bazkaria. Ondotik, 15.00etan, Bidaia bikotea izanen da, eta 17.00etan dantza ikusgarria eskeiniko dute Beasaingo Aurtzaka taldeak, Makilariak eta Larraiņeko Errege txopitak. Arratsean musika eta animazioak ez dira faltako. Besteak bete honako musikari eta talde izanen dira Nafarroaren Egunean: Nahixan, Xutik, Kiki Bordatxo, Kuxkuxtu txaranga, Mutiko Alaiak, Burrunbazaleak, Zpeiz Mukaki, Burgantzi, Punpeka eta Trika ta bertsu.

Kultur Astea, aurten Nafarroaren Egunaren ondotik
Aurtengo beste berrikuntza bat: Aste Kulturala Nafarroaren Egunean abiatuko da. Berez, lehen ekimena, erran bezala, Baigorri aldeko jendeari eskeinitako dantza ikusgarria izanen da.

Hona hemen bestelako ekimenak:
* Apirilaren 27an: Haurren eguna: Aratseko 5etan Bil Etxea gelan. "Ninika". Haurrendako dantza ikusgarria.
* Apirilaren 29an: Hudalzainak eta ikazkinak. Musika eta bertsu. Aratseko 9etan, Bixentainian.
* Apirilaren 30ean: Musikaldia: "Hitzen Musikaz Hazi": Aratseko 9etan Baigorriko elizan. Gomitatuak: Et Incarnatus ganbara orkestra (Tolosa); Eņaut Elorrieta (Ken Zazpi); Amaren Alabak ( Xiberoa); Tolosako ikastolako haur korua eta Baigorriko gaiteroak.

( Xehetasun guztiak: Basaizea elkartearen webgunean )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

icon

Euskalman

2011-04-14

Aupa basaitzekoak! Aberri Eguna eta Nafarroaren eguna ber egunean egitea biziki ideia ona dela iduritzen zait eta azaltzen dituzuen argudioekin ba egiten dut. Segi aintzina eta 24a arte!

Komentarioa idatzi