Naia Lacroixek gose greba utzi du hitza eman diotelako ez dela gehiago bakartuta egongo
Herrira elkarteak antolatu agerraldian hitza hartu du Senpereko auzapeza Christine Bessonartek. Gaizka IROZ argazkia.
Iragan maiatzaren 14an abiatu zuen gose greba bertan behera utzi zuen, atzo, Naia Lacroixek. Gazte senpertarrari berriz ere bakartuta ez dela egongo agindu diotelako. Alta, beste euskal preso politiko bat Bordelera eraman beharrean, Lacroix Dijon aldeko presondegi batera eramanen dute laster. Hau da, isolamendutik ateratzearen truke Euskal Herritik oraindik ere gehiago urrunduko dute presoa. Hamarnaka lagunek parte hartu dute, arrats huntan, Senperen Lacroixen egoera salatzeko Herrira mugimenduak antolatu agerraldian. Beste hainbat hautetsiekin batera, herriko auzapeza Christine Bessonart izan da.
Maite UBIRIA | SENPERE
Dijon-eko presondegira eramanez isolamendutik aterako dutela agindu diote Naia Lacroix Senpereko presoari. Engaiamendu hori eskuratu ostean, presoak bertan behera utzi du gose greba. Herrira mugimenduak arrats huntan Senperen antolatu duen agerraldian Dijonera eramanez "Naiari isolamendua kendu bai baina urrunago eramanen dutela" nabarmendu dute.
Euskal Herritik 850 kilometrotara dagoen espetxe horretan ez dela orain arte euskal presorik izan oroitarazi dute. Beraz, Lacroix bertara eraman eta gero, beste euskal preso bat mugitu beharko dute Dijon-era, Senpereko presoari emandako hitza bete nahi ezkero. Janine Beyrie, Etxerat elkarteko ordezkariak ez du ezkutatu espetxe agintariek kasu honetan kartu duten erabakiak zapore gazi-gozoa uzten duela.
"Beste bi familia ehunka kilometro egitera behartuak direla" nabarmendu du Beyriek. Isolamendua eta urruntasuna baliatzen dituen politika horrekin amaitze aldera ezinbestekotzat jo "gaur, Bessonart auzapezak egin bezala, beste tokiko hautetsiek engaiamendu har dezatela bidegabakeri honekin bukatzeko".
Gaur egun 635 preso dira Euskal Herrian, horietarik 130 frantses estatuan. Preso horiek 30 presondegitan banatuak dira. Laster 31 espetxe izanen dira. Egun, 7 euskal preso osulaturik dira frantses espetxeetan.
"Gaur berriz galdegiten dugu frantses Estatuari presoak batzea Euskal Herrian lehen bait lehen eta ez segitzea dispertsio politika onartezina hau", eskatu du Emilie Martin Herrira mugimenduaren izenean.
Lacroix familiak pairatzen den jazarpena salatu dute agerraldian. Gaur goizean bertan, jendarmeak azaldu dira bere etxean Naiaren ahizpari, Odre Lacroixi, DNA lagina eskatzera. Gaztea ahaizparekin batera garde-à-vuen izan zen eta prensaitzinean zehaztu duenez garaian DNA emateari errefusatu zion. Oraingoan Jendarmeriara deitu dute desmatxa hori bete dezan.
"Baretze aldera" keinuak faltan botatzen ditu Bessonartek
Christine Bessonart auzapezak Euskal Herriak bizi duen "esperantza garaian" horrelako jokabideak ulergaitzagak egiten zaizkiola aitortu du agerraldian. Naia Lacroix gazteari dagokion errugabetasun-presuntzioa aldarrikatuz, "baretze aldera" keinuen beharrean gaudela uste Senpereko auzapeza izateaz gain Euskal Herriko Hautetsien Biltzarreko buru den Bessonartek.
Iragan larunbatean milaka herritar plazara atera zirela gogoratu du, gaur Gasteizen eskeinitako prentsaurrekoan Herrira mugimenduak. Ildo beretik, mobilizazioa azkartzeko deia egin dute Senperen. Hartara, azken ostiraleko elkarretaratzeen karietara, Ion Parot kasua aipatuko dute, bizi bitarteko zigorra salatuz. Bestalde, heldu den udazkenean, urriak 13an, manifestazio nazionala eginen dute Baionan.


