NBEko Umeen Eskubideen Batzordeak gomendio berriak egin dizkio Frantziari hizkuntz eskubideen karietara
Dagoeneko Nazio Batuen Erakundeko hiru instantzia erberdinetatik "oharpenak" jaso ditu Frantziako Gobernuak. Espreski, aditu independenteak eginiko txostenak eta eskubide sozial eta ekonomikoetaz arduratzen den batzordeak gomendioak egin zizkiote Estatu frantziarrari hizkuntz eskubideak aitortzen ez dituelako. Hexagonoan gutxiengoak ez direla argudiatu du Frantziak, umeek bere ama hizkuntzean hazteko duten eskubidea onartzen duen araua errefusatu duelarik. Jarrera hori ikusita, NBEko Umeen Eskubideen Batzordeak aholku berriak eman dizkio Estatu frantziarrarri.
Umeen Eskubideen Batzordearen 51. batzarra 2009ko maiatzean izan zen Genevan, eta bertan Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak parte hartu zuen. Frantziako Estatuak 1990ko abuztuaren 7an berretsi egin zuen umeen eskubideak babesten dituen konbenzioa.
Ordutik hona aipatu Itunari bi jarraipen egin zaio. Lehenbizi 1993an aurkeztu zuen Frantziako Estatuak Itunaren betetzeari buruzko lehen txostena. Bigarren txostena, berriz, 2002an prestatu zen, eta 2004ko ekainaren 2an aztertu zuen Batzordeak.
2004an bertan Batzordeak eskaera egin zion Frantziako Estatuari 30. artikuluari jarritako oharra kentzeko. Ohar horren arabera gutxiengoen eskubideen aitortzarako artikulua ezin aplika daitekeela esan zuen Frantziak. Bilbaok adierazitakoaren arabera “bitxia da Ituna berretsi duten 140 Estatuetatik 30. artikuluari 3k oharrak jarri izana, Frantziak, Turkiak eta Omanek hain zuzen ere”.
Genevako Batzarrean Bilbaok txostena aurkeztu zuen Frantziak 2004an jasotako gomendioa bete ez zuela egiaztatzeko. Horretarako batzordekideei azaldu zitzaien 2008an Nazio Batuetako Gutxiengoen Aferetarako Aditu independenteak gomendio egin ziola Estatuari Itunaren 30. artikuluan egindako erreserba kentzeko eta urte bereko maiatzean Nazio Batuetako Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeak ere hori jaso zuela.
“Bere buruaz lotsatuta egon beharko luke Frantziako Gobernua gomendio bera hainbatetan jaso arren, muzin egin diolako” esan du Bilbaok.
Umeekiko duen jarreraz hausnartzeko eskaera
Umeen Eskubideen Batzordeak 8. eta 9. gomendioetan gaitzetsi egin du Frantziako Estatuak 30. artikuluaren oharra kendu ez izana, eta beste behin eskatu dio Frantziako Estatuari gutxiengoetako kide diren umeekiko duen jarreraz hausnartzeko.
“Pozteko arrazoia dugu, beste behin agerian geratu delako Frantziako Estatuaren jarrera, baina kezkatzeko elementuak ere baditugu” adierazi du Bilbaok.
Izan ere, "azken hiru urteotan Behatokiak Nazio Batuen Erakundean egindako lanei esker hiru Batzordetatik egin zaizkio gomendioak Frantziako Estatuari hizkuntza gutxiagotuekin duen jarrera aldatzeko".
“Gomendioak behin eta berriro jaso arren, Gobernuak ez du erakutsi horiek betetzeko kezka, eta ez genuke nahi Estatuaren ebaluazio berria egiten dutenean, eskubide kolektiboak oraindik Frantziako arautik at daudela esan behar izatea” adierazi du Behatokiko zuzendariak.
“Ez dago ulertzerik demokraziaren eredu izan nahi duen Estatu bateko gobernuak eskubideen zaintzarako sortu den Nazio Batuen Erakundeak egiten dizkion gomendioak behin eta berriz saihestea” gaineratu du Bilbaok.





