«Non da Jon? Egia nahi dugu!» manifestazio-deia irailaren 19rako
Hiru hilabete pasa dira eta Jon Anzari zer gertatu zaion ez da argitu. «Zirkunstantzia ilun» horiek hain zuzen, «bahiketa politikoaren» hipotesia eta «gerra zikinaren berpiztea indartzen» dutela azaldu zuten, atzo Baionan, hainbat erabile sozial eta politikok. Kezkak «lehenbailehen zuritzea eta antzeko gertaerak ez errepikatzea» exijitzeko, manifestazioa antolatu dute datorren irailaren 19rako Donibane Lohizunen.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
«Gure indar guztiarekin ahaleginguko gara Jon Anzaren gertaerak bezalakoak eguneroko ogia bilakatu ez daitezen» adierazi zuten irmoki, atzo Baionan, hainbat eragile politiko eta sozialeren ordezkariak, irailaren 19rako manifestatzera dei egitearekin batera.
Batasunak, ABk, Askatasunak, CDDHPB-k, Anai-Arteak, LABek, ELBk, NPAk (begirale moduan), Jonen lankideek eta Gabi Mouescak Donibane Lohizunen, arratsaldeko 17.00etatik goiti egingo den mobilizazioan gizarte-esparru guztiei, hautetsiei, intelektualei, artistei eta herritarrei oro har, parte hartzeko mezua zuzendu zieten, «Jon non den eta zer gertatu zaion argitzea gizalegez ez ezik, sozialki ere premiazkoa delako».
Anza desagertuz geroztik hiru hilabete pasa direlarik, «ezer ez jakiteak bahiketa politikoaren hipotesia indartzen du eta, horrenbestez, baita gure kezka ere» adierazi zuten denen izenean Xabier Arinek (lankidea) eta Michel Bergerrek (CDDHPB).
«Gerra zikina»
Haien esanetan, «desagertze hori oso larria da, iragan hurbilean Euskal Herrian ezagutu ditugun gerra zikinaren kapitulu ezberdinak, GALerena tartean» gogora ekartzen dizkietelako.
Anza non den jakitea «exigentzia morala da, herriak gertatutakoa jakin behar duelako. Maila horretan, Estatu frantsesari eta espainolari dagokie gertatutakoa argitzea» esan zuten.
Bestetik, beraientzat «jokoan dagoena horrelako desagertzeak gehiagorik ez gertatzea da, gerra zikinaren estrategian kokatzen diren ekimenak onartezinak izateaz gain, demokraziarekin deus ikustekorik ez duten gobernuek baizik ez dituztelako metodo horiek erabiltzen».
Beren «arrangura areagotzen dituzten hainbat gertakari biderkatzen» ari direla gaineratuta, Alain Berastegi preso ohi nafarrari gertatutakoa jarri zuten azken adibidetzat, «sekulan argitu ez direnen aspaldiko desagertzeak» (Pertur, Naparra, Larre) nabarmendu ostean.
Hain zuzen ere, Gabi Mouescak Popo Larreren eta Jon Anzaren desagertzeen artean hainbat «antzekotasunak» daudela aipatu zuen. Biak ala biak «beren aberrirako ideal baten aldeko militanteak» izateaz gain, «bi kasuetan, Estatuek ez dutela ganorazko ikerketarik burutu» esan zuen.
Are, Larrekin egin bezala, Jon Anzarekin ere, agintariek «akusazio erabat higuingarriak» hedatzen ari direla gaineratu zuen, «lehenari dagokionean IK eta bigarrenari ETA egin dituztelako desagertzearen arduradun».
Anza bere familia eta lagunen ingurumariakoa bada ere, «herri bateko kide eta helburu baten aldeko militante» denez, zer gertatu zaion argitzeko eskaera «erreibindikazio politiko» bilakatzen da Mouescaren ustez.
Agiria
Irailaren 19ko manifestazioa ahalik eta jendetsuena izan dadin helburu dute. Hortaz, inplikazioa eta partehartzea sustatzeko eta Anzaren desagertzeari buruz informazioa eta salaketa ahalik eta gehien zabaldu dadin, eragile sozialengana eta politikoengana joko dute agiri bat euskarri hartuta.
Agiri horretan Gobernu frantsesari zein espainolari militante donostiarraren desagertzearen «zergatiak osoki argitzea» eskatzen da.
Bide batez, «gerra zikinaren ekintzak (bahiketak, desagertzeak...) onartezinak izaki eta oinarrizko eskubideak zangopilatzen» dituzten heinean berehala gelditu daitezen exijitzen da eta, azkenik," ‘Non da Jon? Egia nahi dugu!" lemapean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen da herritar guztiei.





